Markina-Xemeingo Udalak MX erosketa-bonua abiaraziko du
Establezimenduek martxoaren 23tik 29ra arte izango dute kanpainara atxikitzeko epea.
“Tokiko merkataritzan kontsumoa bultzatzeko eta udalerriko establezimenduei laguntzeko” helburuarekin, Markina-Xemeingo Udalak MX erosketa-bonuaren kanpaina jarriko du martxan udaberri honetarako.
Ekimen hau herriko saltoki guztiei zuzenduta dagoela adierazi du udalak. Herritarrak saltoki txikiekin inplikatzeko asmoarekin abiaraziko dute ekimena, eta honen bitartez, bertako dendetan “erosketak sustatzeko eta tokiko jarduera ekonomikoa indartzeko”.
Udalak kontuan izan ditu, gainera, Alde Zaharrean kokatuta dauden establezimenduak. Hilabete hauetan egiten ari diren obrek eragindako kalteak konpentsatzeko irtenbide bat pentsatu eta hori ere abiaraziko dute, bertako establezimenduetan erosketak bultzatzeko bonu gehiago eskainiz.
Establezimenduek martxoaren 23tik 29ra arte izango dute kanpainara atxikitzeko epea, eta data hurbildu ahala, dendetako jabeek “apirilaren 9an egingo den prestakuntza-saioan parte hartu beharko dute”. Nondik norako guztien berri izateko, datozen egunetan, udalak bonoari buruzko informazio guztia bidaliko die herriko komertzioei gutun baten bidez.