Ibon Oregi: "Aldaketak onartu eta aurrera egiten jakin behar da"
Bizitzen jarraitzeko gogo eta moldaketa asko medio, zoriontsu egiten duen horrekin jarraitzeko hautua egin zuen Ibon Oregik bere bizimodua aldatu zuen istripu bat izan ondoren. Orain, surfak eskaintzen dion sentimendu deskribaezin hori bere bizitza mugiarazten duen olatua da.
Ibon Oregi surflari markina-xemeindarra Futbolean, alpinismoan edo triatloian urte luzez aritu zen Ibon Oregi. Bere ibilbideko momenturik onenean, handiak ziren markina-xemeindarraren helburu eta ametsak, baina 2020ko urriko egun baten bere bizitza beste norabide baten jarriko zuen istripu bat izan zuen. Belaunetik behera hanka galdu zuen kirolariak, baina, aurrera egiteko gogoak bazituen sobera. Horiei esker, bere bizitza birbideratzeko hautua eta lan nekaezina egin zituen. Orain, surfeko ohol bat lagun, aparretan bizirik sentitzen da Ibon Oregi.
Surf egokituko txapelketetan aritu da etenik barik. Estatu mailako txapeldun izan da lau urtez jarraian, Europako azpitxapeldun izatera ere heldu zen. Ez du ohola askatzeko asmorik erakutsi 2022an lehen aldiz konpetitu zuenetik, eta gogo horrek mundu mailan konpetitzera eraman du. Oregiren berbetan, “nahi gabe” sartu zen txapelketen ziklo honetan: “Surfa egin nahi nuela argi neukan, baina ez nekien nire desgaitasunarekin nola egin. Lagun bat eta biok Galiziara joan ginen, surf egokituko txapelketa bat zegoelako”. Han, markina-xemeindarra kategoria jakin baten jarri zuten, eta hori izan zen lehiatzen hasteko lehen pausoa. Belauniko trebatu eta bere burua gustora ikusi zuen Oregik: “Hurrengo egunean bertan Espainiako Txapelketan izena eman nuen. Kantabriako mutil baten aurka lehiatu nintzen kategoria berean, eta lehenengo saria irabazi nuen”. Hilabete eta erdi soilik pasa eta mundu mailan konpetitzeko izena eman zuen. Emaitza ez zen edozein izan, Oregik bigarren postua lortu baitzuen.
Ibon Oregi: “Aldaketa handia suposatu dit, baina denborak aurrera egin ahala ikusi dut gauzak moldatuta, gauza asko egin ahal ditudala”.
Begirada atzera botatzea ere garrantzitsua izaten da norberaren bilakaera ikusteko. Istripu hark bere bizitzan “erabateko aldaketa” ekarri zuela azaldu du Oregik, izan ere, “momentu horretan Valentziako maratoi bat nuen begi artean. Itzel entrenatzen nenbilen, sekula baino hobeto ari nintzen korrika. Bat-batean, hurrengo egunean gurpil auki baten ikusi nuen nire burua”. Bizimodua segundo baten alda daitekeela ikusi zuen orduan, baina ez zen orain arteko bere bizitza atzean uzteko arrazoi nahikoa izan. Gauza berriak eta lehen egiten zituenak egiten jarritzeko bideak egin ditu Oregik: “Zer egin nezakeen ikusten ari naiz orain. Surf tente egitetik belauniko egitera pasa naiz, edo bizikleta normala erabiltzetik elektriko bat erabiltzera, eta konturatu naiz gauza asko egin ahal ditudala. Aldaketa handia suposatu dit, baina denborak aurrera egin ahala ikusi dut gauzak moldatuta, gauza asko egin ahal ditudala”. Beraz, ahal denarekin disfrutatzeko hautua egin du markina-xemeindarrak: “Aldaketak onartu eta aurrera egiten jakin behar da”.
Kirola alde batera uztea ez da inoiz surflariaren aukeren artean egon: “Kirola egiten jarraitzeak lehengo Ibonen bardinago izaten eta bizirik nagoela sentitzen laguntzen dit”.
Markina-xemeindarrarentzat surfa ez da kirol hutsa. Terapia antzeko zerbait dela uste du, eta maite duen kirol bat bihurtu da, itsasoak bere barrenetara erakarriko balu bezala: “Uretan sartzen naizen bakoitzean zerbait ludikoa bihurtzen da, eta azaldu ezin diren sentimenduak sortzen zaizkit”. Surfak badu zebait desberdina, gainerako kirolek ematen ez duten “inklusio” batetaz ari da Ibon Oregi eta desgaitasuna duten pertsonentzat aparteko kirol bezala ulertzen du: “Moldatutako tabla batekin eta sakatuko dizun lagun batekin egongo zara. Ez da bakarrik surfeatu dezakezula, kontua da eta zure lagunekin zaudela uretan, beraiek egiten ari diren gauza bera egiten”. Taldearen parte izatearen eta gertatzen ari den guztia barnetik bizitzearen garrantziaz soberan daki markina-xemeindarrak. Horregatik sortu zuen Aparretan Bizirik ekimena, bere bizipenak kontatzearen bitartez, ikasteko garaiz dabiltzan horiengan zerbait eragiteko.
Ibon Oregi: “Kirola egiten jarraitzeak lehengo Ibonen bardinago izaten eta bizirik nagoela sentitzen laguntzen dit”.
20 urte luzez irakaslea izan zen Oregi. Istripua eta gero, bere ogibide zena alde batera uzteko unea iritsi zitzaion, baina zerbait sortzeko eta irakasten jarraitzeko grinak bere barnean zirauen: “Kalean umeek protesiari eta gertatu zitzaidanari buruz etengabe galdetzen zidaten. Hor konturatu nintzen badagoela zer kontatu”. Zarauzko eskola baten hasi eta urteko hogei bat hitzaldi ematen ditu Oregik. Lehen pausua umeekin eman bazuen ere, enpresa eta herri mailan ere nagusien aurrean aritu da inklusioaren alde: Taldearen parte sentitzearen eta sentiaraztearen garrantziaz aritzen naiz. Surf egokituren berri eman eta erakustsi egiten diet, balora dezatela, jakin dezatela aukera bat dela”. Pertsonen arteko harreman eta aurreiritzietaz ere hausnarketarako ariketa planteatzen du: “Surfa kirol inklusiboa dela erakustea da nire helburua. Surfean denok gara berdinak, eta asko berdintzen ditu pertsonon arteko desberdintasunak. Liderrak izaten diren horiek surfean atzean geratu daitezke, eta pertsonen arteko ikuspegiak asko aldatzen ditu”.
Behar bereziak dituzten pertsonak talde baten eta gizartearen parte direla ulertaraztea oinarrizko ideiatzat dauka surflariak, eta argi adierazi du entzuleari hausnarketa bat eragitea eta hori ulertaraztea dela bere helburu eta nahi nagusia. Beraz, aldarri sozial argi batekin egiten du lan Oregik: “Baliodunak garela. Agian motelago, agian itsusitxoago, edo beste era batera, baina edozer egin ahal dugula eta taldearen parte izan ahal garela”.
Helburu handiekin jarraitzen du markina-xemeindarrak, eta garbi aritu da bere hurrengo erronkari buruz: “Gustora eta gogoekin jarraitzen dudan artean, kirol honetan aritzeko asmoa daukat. 2032an, 52 urte izango baditut ere, surf egokitua olinpikoa bada, Australiako joko olinpikoetan parte hartzea gustatuko litzaidake”.