Espezie inbaditzaileei buruz ikasteko batu dira Baltzoiz basoan
Landare inbaditzaileak kentzen ikasi eta hauen arriskuaz "kontzientzia indartzeko” herri-ekimena "giro onean" pasa zuten herritarrek.
Herritarrak akazia landare inbaditzailea erretiratzeko ekimeneanZiortza-Bolibarko Udala Zuhaitzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, Ziortza-Bolibar eta Markin-Xemeingo Udalek akazia landare inbasorea kentzeko tailer praktikoa antolatu zuten joan den zapaturako [martxoak 21]. Udalek ekimenaren aurkezpenean azpimarratu zuten bezala, “ekimenaren helburua akazia landare inbasorea erretiratzearekin batera, sortzen duen kalteaz kontzientziatzea da, zonalde horretan Ziortza-Bolibarko Udalak 2023an landatutako haritzak eta astigar zuriak itotzen ari baita”. Hogei bat lagun bertaratu ziren Markinako Lagunkoia, Bolibarko Aranbaltz, Markola eta Kanpape elkartearekin bat antolatutako ekimenera.
Herritarrak kontzientziatzeko tailer parte-hartzailean Lurgaia Fundazioko teknikari bat izan zuten lagun herritarrek: “Akazia landareak zelan hil eta indartzen ez uzten erakutsi zigun”. Argitu dutenez, akazia landare ez moztea “oso garrantzitsua” da, indartsuago hazteko arriskua dagoelako. Teknikariak, beraz, hau kentzeko bide egokiak irakatsi zizkien bertaratu zirenei: “Oinean, enborrean edo adarrean azala kendu behar zaie eraztun bat eginez. Horretan aritu ginen herritarrok aizkora edo tresna txikiago batekin”. Teknikariak azaldu bezala, udaberria da sasoi onena “akaziak era honetan hiltzeko”: “Behar duten ura azaletik hartzen dute, eta azal hau kentzean hil egiten dira”. Hasieran Bolibarko alkarteak hartu zuten hitza, izan ere Baltzoiz basoko lusail bat erosi zuten 2023an, eta bertako zuhaitzak landatu zituzten “egurra ekoizteko helburuarekin”. Teknikariak, ostean, Lurgaia Fundazioa zer den azaldu eta bere eginkizuna azaltzeko une bat hartu zuen.
Lan egin ondoren, Iruzubietatiko elkartera hurbildu, eta “giro onean eta eguzki ederrarekin eta bertan montxorra egin” zutela azaldu dute.
Orland Isoird Berrizko alkatearen berbaldia izan zuten barikuan [martxoak 20], Ziortza-Bolibarren. Herriko jendeaz gain, Markia-Xemeindik eta Ispasterretik ere bertaratu zen jendea, eta “bikain baloratu zuten” baso kudeaketari eta ondarearen berreskuarapenari buruzko hitzaldia. Ingurumena eta komunitatea zaintzeko ekimenak izan ziren biak. “Trantsizio ekosozialerantz” emandako pausoak izan dira barikuko eta zapatuko ekimenak. Udalek adierazi zutenez, proiektuarekin jarraitzeko asmoa dago, beste landare inbasore batzuk erretiratzen jarraitzeko. “Kontzientzia indartzeko” bidean egindako ekimena izan zen, “landare autoktonoa hedatzearen garrantzia eta inbasoreek sortzen duten kalteaz” ikasteko.
Antolatzaileek baso jabeei landare inbaditzaileak erretiratzeko deia egin nahi izan die: “Eskualde osoko baso jabeei jakinazi nahi diegu Bizkaiko Foru Aldundiak espezie inbaditzaileak kentzeko diru-laguntzak ematen dituela”. Laguntza hauek eskatzeko epea apirilaren 24ra arte egongo da zabalik. Jaso ondoren, irailaren 30era arte egongo da landare horiek kentzeko tartea.