Haitzasko Oroimenezko lasterketak beste edizio arrakastatsu bat izan du
Iurdan Garcia markina-xemeindarrak eskualdeko lehenengoaren saria jaso zuen, 144 txirrindulariren artean zortzigarren heldu ondoren.
Hiru lenengoak, Iurdan Garcia eskualdeko lehenengoa, lehen taldea eta sari emaileak.M.T.E. Haitzasko Oroimenezko lasterketak bere 35. edizioa izan du Markina-Xemeinen joan den domekan [martxoak 22]. 09:45ean hasi zen proba, eta elite mailako zein 23 urtez azpiko txirrindulariek parte hartu dute, Euskal Herri mailako torneo honen barruan. Antolakuntzak aurreikusita zuen bezala, 144 partaidek egin zuten aurtengo ediziorako egokitutako ibilbidea.
Markina-Xemeindik hasi eta Ziortza-Bolibar, Munitibar, Aulesti eta Gizaburuaga zeharkatu zituzten txirrindulariek. Tropelean batuta egin zituzten bi itzuli txirindualri gehienek. Hala ere, azkenengo itzulian Lekoitzgane eta Gontzogaraiganako igoerak eta jaitsierak bereziki esanguratsuak izan dira lasterketan, izan ere, hainbat izan ziren erori ziren kirolariak. Azkenean, 36 txirrindulariz osatutako tropela heldu zen Markina-Xemeinera, herrikoa den Iurdan Garcia Arrieta, tartean.
Eiser-Hirumet Team taldeko txirrindulari markina-xemeindarrak bi ordu eta 30 minutuko denboran egin zuen 104 kilometroko eta 1780 metroko desnibela izan zuen ibilbidea. Tropelean heldu zen Garcia, podiumera igo ziren hiru txirrindulariekin batera. BBK-Euskadi Sub23 taldeko Alain Suarez Fernandez, Smartlog Nest taldeko Diego Ruiz de Arcaute eta Eiser-Hirumet Team taldeko Urko Vidal Mendia izan ziren tropela gidatu zutenak eta helmugara heltzen lehenak.