Haitzasko Oroimenezko lasterketak beste edizio arrakastatsu bat izan du
Iurdan Garcia markina-xemeindarrak eskualdeko lehenengoaren saria jaso zuen, 144 txirrindulariren artean zortzigarren heldu ondoren.
Hiru lenengoak, Iurdan Garcia eskualdeko lehenengoa, lehen taldea eta sari emaileak.M.T.E. 35. Sabin Forurira-Haitzasko Oroimenezko lasterketa 144 txirrindularik lehiatu zuten atzo [martxoak 22], eta BBK-Euskadi taldeko Alain Suarez Fernandez kantabriarra nagusitu zen.
Suarez, Smartlog Nest taldeko Diego Ruiz de Arkaute eta Eiser-Hirumet Team taldeko Urko Vidal Mendia izan ziren tropela gidatu zutenak eta helmugara heltzen lehenak. Zortzigarren sailkatuta, Iurdan Garcia Arrieta markina-xemeindarra izan zen eskualdeko lehenengoa. Bi ordu, 30 minutu eta 52 segundotan osatu zuten proba.
Markina-Xemeinen hasi, eta Ziortza-Bolibar, Munitibar, Aulesti eta Gizaburuaga zeharkatu zituzten txirrindulariek, eta gehienek tropelean egin zituzten bi itzuli. Azken itzulian, Lekoitz Ganeko eta Gontzugaraiganeko igoerak eta jaitsierak bereziki esanguratsuak izan ziren; hainbat txirrindulari erori ziren. Azkenean, 36 txirrindulariz osatutako tropela helmugaratu zen.