Ekoizle eta abeltzainek Baserri Egunerako izena emateko epea zabalik dute
Maiatzaren 9an ospatuko den Baserri Eguneako azokan produktuak saldu eta abereak ekarri ahal izateko martxoaren 27ra arte eman ahalko dute izena.
Abeltzainen animalia erakusketa, elikagai ekoizle produktuen salmenta eta bildots errea dastatzeko aukera izango da Markina-Xemeinen. Maiatzaren 9an ospatuko da Baserri Eguna, eta bertako azokan produktuak saldu edota bertara animaliak ekarri ahal izateko izena eman beharko dute ekoizle eta abeltzainek. Eskaerak eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea zabalik dago barikura arte [martxoak 27].
“Produkzio tradizinalaren eredua” mantentzeko eta bertako produktuak “herritarrengana hurbiltzeko” helburuarekin egiten zaie ekoizleei beraien produktuak ekartzeko deia. Baserri egunean ohikoa izaten den “ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topaketa” bultzatu nahi duela adierazi du udalak. Bide honetan, berton ekoiztutako elikagai eta produktuen balioaz jabetzera bultzatu nahi dituzte herritarrak.
Hori burutzeko, ekoizleen postuetan okintza eta gozogintza produktuak; txakolina, sagardoa eta zukuan; esnea eta esnekiak; eztia edo kontserbak aurkitu ahalko dituzte azokara bertaratzeko asmoa dutenek. Produktu guzti hauek eskaintzeko, udalak 18 postu ahalbideratuko ditu.
Markina-Xemeingo Udalak adierazi bezala, abeltzainek euren ganaduak azokara ekarri ahal izateko beharrezko dokumentazioa Lea Artibaiko Landagarapen Alkarteko bulegian aurkeztu beharko dute (Xemein etorbidea 12A, 1. solairuan). Bertaratu ezin direnentzat, dokumentazioaren aurkezpena online egiteko aukera ahalbidetu du udalak, imendizabal@leartibaifundazioa.eus helbide elektronikora idatzita. Bete beharreko eskaera orriak eta oinarriak landagarapenaleaartibai.eus web orrialdean daude eskuragarri.