Ingelesez mintzatzeko tertulia egingo dute Lekeition
"Ingelesez aritzeko eta ondo pasatzeko" helburuarekin batuko dira maila altu eta ertaineko hizlariak.
Denboraren Bankua ekimenaren barnean, ingelesez mintzatzeko tertulia antolatu dute Lekeition. Denboraren Bankua zerbitzuak, ezagutzak eta jarduerak trukatzeko sistema da, Lekeitioko 140 lagunek osatzen dutena. “Herritarrei eguneroko bizitzan sortzen zaien arazo txikiak konpontzen laguntzea, eta elkartasunean eta elkar laguntzan oinarritutako gizarte sareak sortzea” da ekimenaren helburua. Oraingoan, ingelesa praktikatzeko ekimen bat jarri dute martxan. Bihar [martxoak 25], 18:00etan batuko dira Kultur Etxean tertuliara hurbildu eta ingelesa trebatzeko asmoa duten herritarrak.
“Ingelesez aritzeko eta ondo pasatzeko” helburuarekin batuko direla adierazi dute. Lehenago ere egin izan dituzte ingelesez aritzeko tailerrak, eta izan zuen “erantzun ona” kontuan hartuta, bide beretik jarraitzeko erabakia hartu dute. Hizkuntza maila ertain eta altuko hizlariak batuko dira tertulian, eta gai jakin baten inguruan arituko dira solasean ingelesa praktikatzeko asmoz: Lekeitioko 50 toki eta bertako gauza bitxiak erakusten dituen aurkezpen bat izango dute abiapuntu, eta bertan agertzen diren gauzak ingelesez azaltzeko ariketa egingo dute, “horren harira, partaideak solasaldian arituko gara”.
Lekitto Bedarra ekimenarekin bat egin dute kideek talde-ariketa hau prestatzeko. Bertako partaide diren hiru irakasle bertaratuko dira tertuliara laguntza eta informazioa eskaintzera. Estatu Batuetatik eta Australiatik datozen irakasleak izanik, bidelagun onenak izango direla adierazi dute kideek.
Izena emateko. 20 lagunentzako tokia dago tertulian, eta edozein herritar hurbildu daiteke ariketa kolektibo honetara. Bertaratu ahal izateko, WhatsApp mezu bidez 648 511 741 zenbakira idatzi eta izena emateko aukera egongo da. Egunean bertan hurbiltzen diren horiek ere ongi etorriak izango direla adierazi dute kideek. Talde-ekintza hauen bidez, Denboraren Bankua ekimenera herritar gehiago erakartzea da kideen helburua, elkarri lagundu eta sareak handitu ahal izateko.