Gailu eta Los Sara Fontan taldeek kontzertu bana emango dute Uhagon Kulturgunean
Sarrera 8 eurotan egongo da salgai. Uhagoneko bazkideentzat, aldiz, 6 eurotan.
Gailu eta Los Sara Fontan taldeek kontzertu bana eskainiko dute zapatuan [martxoak 28], 21:00etan, Uhagon Kulturgunean. Kontzertu “berezia” izango dutela adierazi dute antolatzaileek. Bi taldeak orain arte entzun ez diren soinuekin datoz, eta tradizioa eta musika egiteko era berriak uztartuko dituzte, entzuleei zerbait berria eskainiz.
Gailu hirukotea Okene Abregok, Mikel Abregok eta Hodeik osatzen dute . Negu Gorriak, BAP!, Inoren Ero Ni taldeetan aritu dira, baita Anariren musika proiektuaren parte izan ere. Haien zuzenekoetan, “euskal landa-munduaren sustraiak” soinu elektronikoekin, rockarekin, punkarekin eta hip hoparekin nahasten dituzte.
Los Sara Fontan bikotea ere musika aldakor eta esperimentala eskaintzera dator. Sara Fontanen biolin klasiko eta garaikideak Edu Pouren “energia bereziarekin” egiten du bat, punk doinuekin uztartuz, musika “liluragarria eta erabat dinamikoa” sortuz.
Sarrera 8 eurotan egongo da salgai. Uhagoneko bazkideentzat, aldiz, 6 eurotan.