Txikitik handira, badator Korrika Lea-Artibai eta Mutrikura
24. Korrika Lea-Artibai eta Mutrikura heltzeko ordu gutxi batzuk baino ez dira geratzen, eta giroa berotzen joateko Korrika Txikiek hartu dituzte eskualdeko kaleak.
Korrika Txikia, Munitibarren Gaur [martxoak 25] helduko da 24. Korrika Lea-Artibai eta Mutrikura, baina aurretik, Korrika Txikiak izan dira protagonista. Ume eta gaztetxoek peto koloretsuez bete dituzte herri eta auzoetako kaleak, eta eurak ere euskara direla eta euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu dute. Zenbait herritan euriak harrapatu dieten arren, Korrika Txiki guztiak eroan ahal izan dituzte aurrera.Ā
Goizean, besteak beste, Lekeitio, Markina-Xemein eta Munitibarko gaztetxoen txanda izan da.Ā Lekeition, esaterako, Herri Eskolako eta Ikastolako ikasleek kolorez bete dituzte udalerriko kaleak. Azken geldialdia plazan egin dute, eta bertan txikienek prestatutako koreografia dantzatu dute aurtengo Korrikako abestiarekin. Arratsaldean, gainera, txokolatada, kontzertuak eta giro herrikoia izango dira; izan ere, gauerdian Korrika udalerritik igaro da.
Markina-xemeindarrek kilometro ugari egin dituzte herrian zehar. Nagusienek eman diete hasiera Korrika Txikiari, eta txikienek egin dituzten azken metroekin amaitu dute. Korrika Txikia amaituta, Plazabarripean elkartu dira herriko ikastetxe guztietako ikasleak. Peñascaleko bi ikaslek irakurri dute aurtengo mezua, eta Xiberutikan Mendebaldera 24. Korrikako kanta dantzatzeaga batera amaitu dute ekitaldia.
Gerrikaitzen hasi da gaur [martxoak 25] goizean Munitibarko Korrika Txikia. Furgonetaren musika entzun da urrunetik, eta zain zeuden haur zein helduak korrikara batzeko prestatu dira. Pankarta zein petorik ez dute falta izan korrikalari goiztiarrek, eta argi geratu da gaueko ekimen handirako beroketak egin dituztela.

Korrika Txikia, Mutrikun.
Arratsaldean, ostera, beste hainbat herritako ikasleek hartu dituzte kaleak. Aulestin, herriko txikienek Korrika egin dute eskolatik plazara arte eta handik berriro eskolara. Haiek egindako petoek kolorez bete dute arratsalde lainotua. Gurasoek ere parte hartu dute ekimenean, eta 20:30ean pantaila handi bat jarriko dute herriko plazan, Korrika eskualdera sartzen den unea zuzenean ikusteko.
Mutrikun aldapan gora eta behera ibili dira umeak. Goiko Plazatik gorantz igo dira helduenak, eta herriari itzulia eman ostean, berriro ere Goiko Plazara heldu eta txikienek hartu dute lekukoa. Plazari itzuli bat eman diete Haur Hezkuntzako umeek, eta guraso nahiz lagunen txalo zaparradarekin amaitu dute Korrika Txikia.
Cikautxotik irten da Berriatuko Korrika Txikia gaur arratsaldean. Lekuko eta guzti egin dute ibilbidea ume eta gurasoek. Herria musikaz girotu eta euskaraz bete dituzte Berriatuko txoko guztiak.
Zubi Zahar Herri Ikastolakoek eman diote hasiera Ondarroako Korrika Txikiari KamiƱazpiko autobus geltokian Argitxogaz batera. Ondoren, Zaldupe Eskolakoak batu dira, eta guztiek batera amaitu dute ibilbidea Alamedan. Bertan, 24. Korrikako abestia kantatu dute ume zein nagusi.Ā