URAk eta Ziortza-Bolibarrek Markola ibaiaren inguruak zaharberritu dituzte
Uraren kalitatea hobetu eta ibaiertzak egonkortuko ditu ekimenak. Ekosistemaren lehengoratzea eta zaintza dira elkarlanean egindako proiektuaren lehentasunak.
Ibaien ekosistema eta ingurumenaren oreka zaintzeko beharrak deituta, Ziortza-Bolibarko Udalak eta URA-Uraren Euskal Agentziak ekimen bateratua egin dute. Markola ibaiaren goialdeko lurzati bat zaharberritzea izan dute helburu. Horretarako, 931 zuhaitz landatu dituzte, eta bertako putzu bat egokitzeko lanak burutu dituzte, bertan bizi diren anfibioen ongizatea bermatzeko. URA agentziak adierazi du ingurumenaren oreka mantentzeko jarduerak “lehentasunen artean” dituela, eta ekimen hau “ur-masen egoera ekologikoa hobetzeko eta uretako ekosistemen osasuna indartzeko helburuarekin”.
Proiektuaren eremuak 3 hektareako lursaila hartzen duela adierazi dute. Nahiz eta zati handi baten “birsorkuntza naturalaren” aldeko apustua egin, gutxien leheneratutako eremuetan landaredi autoktonoa berreskuratzen eta ibaiaren inguruko biodibertsitatea sustatzen jardun dute. Uretako ekosistemak hobetzeko beharra ikusi dute, urlehortarren bizitzak babesteko eta ugalketa prozesu seguru bat izateko. Hori bermatzeko, beharrezkoa izan da uretako ekosistema horiei lotutako lehorreko lursailetan jardutea.
Landaketekin hasi baino lehen, “eremu batzuetan sasiak kendu dira, bertako landaredia sartzeko”. Erretiratze lanak burututa, 931 landare autoktono landatu dituzte: “Haltzak, lizarra, astigarra, sahatsa, haritza, urkia, elorri beltza eta zuria…”. Landaketa honek erriberako egonkortasuna, itzala egotea eta uraren kalitatearen hobekuntza ekarriko dituela ziurtatu dute.
Lanen onurak. Ibaiertzean jarritako landareek “funtsezko eginkizuna” beteko dute ibai-ekosistemen osasunean eta ingurumen-orekan. Landaketa-proiektu honen onurak, beraz, begibistakoak eta askotarikoak direla adierazi du agentziak: Bertan bizi diren animalien eta landareen habitata babesteko korridore ekologiko bat sortuko da. Honen bitartez, “biodibertsitatea babestuz eta migrazioak erraztuz. Landare berri hauek itzala sortuko dute, eta uraren eta lurzoruaren tenperatura egonkor mantentzen lagunduko dute. Gainera, ibaiertzak egonkortzeko lana egingo dute, lurra finkatuko duten sustraiei esker. Uraren kalitatea hobetzen ere lagunduko dute landareek, uretara bidean doazen solido eta kutsatzailek murrizten baitituzte. Uholde arriskua ere murrizten dute, uraren abiadura gutxituz. Amaitzeko, paisaia hobetu eta aisia hobetzeko balio dute, “ingurumen atseginago bat” sortuz eta “aisialdirako eta kultura-jardueretarako” toki egoki bihurtuz.