Ekialdetik mendebaldera, Lea-Artibai eta Mutriku zeharkatu ditu euskarak
Gauez, baina itsasoari begira sartu zen 24. Korrika Bizkaian. Mutrikutik eta Ondarroaraino, aldapan gora ekarri zuten lekukoa herritarrek, Gipuzkoa eta Bizkaia euskararen aldeko aldarri beragaz batuz. 'Euskara Gara' lelopean, korrikalariz bete ziren eskualdeko kale eta errepideak. 260 elkarte, eragile talde eta norbanakoren babesean zeharkatu zuen lekukoak Lea-Artibai eta Mutrikun, metroak kilometro bihurtuz.
Debabarreneko azken kilometroak egin zituen Mutrikun 24. Korrikak. Santa Katalina komentutik egin zituzten Erraldoiek lehen pausuak. Eskuz esku, Mutrikuko Gaztetxeko kideek hartu zuten lekukoa. Kalaputxi aldizkariak ere egin zituen bere metroak, horrenbeste urtez euskararen eta herriaren alde egindako lanaren erakusle izan zirenak.Ā
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak 1886. kilometroan hartu zuen euskararen aldeko lekukoa. Eskurik esku, egunkariko langileek Ondarroarako bidea zabaldu zioten euskarari. Itsasaurreko plazara heldu orduko jaia hasia zen Ondarroan, eta korrika ari ez zirenak ere, txaloka eta aldarrika egin zuten bat. Buelta batekin nahikoa ez, eta bi buelta eman zizkioten herriari. Erraldoi eta buruhandiak lagun, dantzan eta kantuan aritu ziren, euskaraz eta euskararen alde bizi direla argi erakutsiz. 25. edizioari begira jarri eta AEKri eskaera berezia egin diote herriko eragileek: āHurrengo Korrika Ondarroan hasi arte, beti gogor gu!ā. Kaminazpiraino egin behar zuten asko Berriatuara heldu ziren ia konturatu gabe. Horiekin batera egin zuen furgonetan bidea Txomin L. Aramaiok, eta barru-barrutik ikusi zuen bere herria, beste behin, euskararen aldeko eredu izaten: āOndarru bete-bete eginda ikustea zoragarria izan da, lelo eta aldarriekin bat egin genuen denok eta. Jendearen esker ona eta mezu asko ari naiz jasotzen, eta aje emozionala dut orainā
Berriatuko Udalak herrira sartzearekin batera hartu zuen lekuko. Herri ikastetxeko gurasoek eta gaztetxeak bat egin zuten herri euskaldun baten aldeko aldarria egiteko, eta industriaguneetako enpresek ere bat egin zuten ibilbidean zehar.
Korrikak ez zuen Etxebarrian kilometrorik izan, hala ere, herriak ez zuen bere aletxoa jartzeko aukera galdu, eta Berriatua eta Markina-Xemein batzeko zubi izan ziren. Suhiltzaileek lekukoa hartu eta arrapaladan egin zuten Markina-Xemeinera bidea eta herrian bertan, ez zen elkarte edo norbanakorik geratu parte hartu gabe. Zerutxu Dantza Taldeak bere 60. urteurrena ospatzen dihardu, eta Korrikan gutxik ahaztuko duten agerraldia egin zuten, hartzak eraman baitzuen lekukoa herriko azken kilometroetan. Maria Ortega markina-xemeindarrak bigarrenez egin ditu hizlari lanak, eta aurtengo egoera bat edo bestek eragin dion kezka azaleratu du: āEuskararen aldeko jende asko batu ginen, baina egia da egoera apur bat kaotikoa izan zela une batzuetan, eta abisu bat baino gehiago eman behar izan genuen. Jendeak aurrea hartu eta lekukoa eta pankarta jende artean galtzen zirela ikusi genuen, eta ohar batzuk ematea beharrezkoa izan zen. Hala ere, bereziki hunkigarria izan zen Izarbidean eta Jubilatuen Elkarteak egin zuten kilometroa eta orokorrean oso momentu ederrak bizi izan genituen. Elkarte eta norbanakoen bultzada emateko aukera da Korrika, eta ezin dugu bere benetako helburua ahaztuā.
Maria Ortega: “Elkarte eta norbanakoen bultzada emateko aukera da Korrika, eta ezin dugu bere benetako helburua ahaztuā.
Aulesti,Ā Gizaburuaga, Ziortza-Bolibar eta Amorotoko herritarrak eredu izan ziren beste behin. Herri txikiek sare handiak egiten dituztela erakutsi zuten, eta herrien artean, eskuz esku eta gelditu barik aritu ziren aringa-aringa. Lekukoa noiz helduko zain zeuden ehundaka pertsona Lekeition. 23:59ak inguruan ikusi zituzten herritarrek furgonetaren lehen argiak, eta Lekeitio bizirik mantentzen duten eragile, elkarte eta norbanakoek alde zaharrerantz eraman zuten heldu berri zen aldarria. Aittitta Makurra Txarangako kideak lagun izan zituzten, ordu txikitan pasatzen ari zen Korrikari bizitza emateko. Aitziber Galletebeitia izan zen Lekeition euskararen alde sortu zen guztiaren lekuko: āHasieran oso uduri nengoen, baina, furgoneta barruan ume txiki baten lez pasa duen. Ilunetan eta hotzetan, gure eskualdean kilometroak egin zituzten guzti horietaz oso harro sentitu nintzen. Portu guztia bete zuten herritarrek, eta zoragarria izan da herria horrela ikustea, magikoa daā.
Aitziber Galletebeitia: “Ilunetan eta hotzetan, gure eskualdean kilometroak egin zituzten guzti horietaz oso harro sentitu nintzen”.
Mendexako Udala Lekeitio eta Ispaster artean izan zen lekukoaren eramale. Bizi Ispasterko Nagusien Elkartea, Ispasterko Familien Elkartea eta Ispasterko Eskolak izan zuten lekukoa Lea-Artibaiko azken kilometroak egiteko ardura. Ispasterko herritarrak izan ziren, beraz, korrikari eta lekukoari ābi urte barrura arteā esan zienak.