Aroa Gorostiza Ulloak bereganatu du txapela Lea-Artibai Txallengean
Lekeition, Berriatuan eta Markina-Xemeinen jokatu dituzte Lea-Artibai Txallengearen seigarren edizioaren hiru etapak. Kadete mailako txapelketan Noa Vega Bilbao izan da garaile.
Lea-Artibai Txallengeko irabazleakEuskal Herriko Txirrindularitza Federazioa Aroa Gorostiza Ulloa txirrindulari elorrioarra izan zen Lea-Artibai Txallengeko garailea joan den asteburuan. Berriatuko eta Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteek abiatutako txapelketa da, emakumeen txirrindularitzan erreferente dena eta etengabeko hazkundean jarraitzen duena. Hiru etapak osatu zuten txapelketa, Lekeitio Sariak, Berritxu Sariak eta Markina-Xemein Sariak, eta joan den barikutik domekara arte lehiatu ziren txirrindulariak.
Lekeition egin zuten, joan den barikuan [martxoak 29], txallengea zabaldu zuen atariko proba. Afizionatuen artean Maite Urteaga Sorazuk erakusketa izugarria egin zuen erlojuaren aurkakoan. Sei minutuetako markatik behera geratu zen txirrindulari bakarra izan zen Lekeitio Sarian, eta hurrengo egunetako etapetan egingo zuenaren aurrekari izan zen. Melanie Dupin eta Alejandra Neira Dominguez izan ziren hurrengo marka onenak lortu zituzten txirrindulariak, beraien artean segundu bakar bateko aldearekin. Laugarren postua lortu zuen Ane Gorostizak, lehenengotik hamar segundo baino gutxiagora geratuz. Kadeteen mailan, Noa Vega Bilbao izan zen azkarrena, eta bi segundutako alde lortu zuen bigarrena izan zen Ana Lospitaorekiko.

Kadeteak Berriatuan, helmugarako azken kilometroetan
Zapatuko Berritxu Sarian etengabeko euria izan zuten aurkari txirrindulariek. Pelotoia atzean utzi eta Kateryna Velychko izan zen lasterketako buru ibilbidearen lehen kilometroetan. Hala ere, atzetik zetorren txirrindulari taldeak aurrea hartu zion, eta lehiaketan bere tokia lortuko zuen Melanie Dupin jarri zen lehen postuan. Kilometroak igarota, Laia Puigdefabregas, Naya Mangas eta Ainhoa Sanz izan ziren lehen postua lortzeko norgehiagoka aritu zirenak. Puigdefabregasek hirukotetik aldentzea lortu zuen, eta hortik aurrera, berak bakarrik egin zuen lasterketa, pelotoia 40 segundu baino gehiagora utziz. Aroa Gorostiza atzerago aritu zen bigarren postua lortu nahian Adele Normand eta Natalia Vasquezen aurka. Laia Puigdefabregasek lortu zuen lehen postua, 02:14:32ko markarekin. Adele Normand eta Aroa Gorostiza izan ziren bigarren eta hirugarrenak. Kadeteetan, azken metro ikusgarriak egin zituen Vega Iglesiasa txirrindulariak. Pelotoiaren barnetik irten eta lasterketaren buru jarri zen gainerako txirrindulariek espero ez zuten unean. Atzetik bera aurreratzeko saiakerak ikusi ziren metro gogor horietan, hala ere, ez zeiren Iglesias harrapatzeko nahikoak izan. 42,5 kilometroko ibilbidea 01:07:18ko denboran egin zuen, Malen Yurrita eta Enara Perez bigarren eta hirugarren postuetan utziz.
Markina-Xemeingo etapa domekan izan zen. Berriatuko irteeran Adele Normand, Goretti Sesma eta Natalia Vasquez izan ziren pelotoia atzean uzten lehenak. Vlaria Ponomarenkok eta Valeriya Koviazinak ere hurbiletik jarraitu zituzten, hasierako postuei eutsi nahian. Pelotoitik atera eta Maite Urteaga jarri zen lasterketako buru, eta segituan batu zitzaizkion Aroa Gorostiza eta Ayala Serrano atzetik. Maite Urteaga lasterketa buru izaten mantendu zen etaparen erdia baino gehiago, hala ere, azken bi kilometroetan, seigarrena zen Melanie Dupinek hartu zuen aurrea. Azken metro horietan ahalegin guztiak jartzeak lehen postua eman zion Dupineri. Ayala Serrano izan zan zen bigarrena, eta horrenbeste kilometrotan buru izan zen Maite Urteaga hirugarren postuan geratu zen. Kadeteetan, Gisela Herrerok eskuratu zuen txapela.
Aroa Gorostizak lortu zuen garaipena, eta Eulen-Amenabar taldean kide duen Maite Urteaga izan zen bigarrena. Kadete mailako txapelketan Noa Vega Bilbao izan da garaile, eta junior onenaren saria Alejandra Neira Dominguezek lortu zuen.