Lekeitioko Paleta Gomako III. Txapelketaren gizonezkoen finala jokatu dute
Zugadi eta Egia izan dira profesionalen lehen mailako partidaren irabazleak.
Paga eta Berna, hirugarren mailako irabazleak, saria jasotaAkarregi Pilota Elkartea Lekeitioko Akarregi Pilota Taldeak hirugarren urtez antolatu du Paleta Gomako Txapelketa. Urtarriletik martxora arte aritu dira bikoteak norgehiagoka, eta lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako gizonezkoen finalak jokatu zituzten joan den zapatuan [martxoak 28]. 32 bikotek parte hartu zuten txapelketan, eta antolatzaileek partida “gogor eta lehiatuak” izan zirela azpimarratu dute.
Santi Bouard pilotalekuan batu ziren zaleak pala txapelketako gizonezkoen hiru finalak ikusteko. Hirugarren mailako partida izan zen lehena. Irabazteko faboritoak Josu eta Elordi baziren ere, Paga eta Bernak aparteko erakusketa egin zuten herriko frontoian 25 tanto lortuz, Josu eta Elordiren 20 tantoen gainetik. Paleta-gomako bigarren partida Anitua-Zelaia eta Zabala-Aitzol bikoteen artekoa izan zen. Kasu honetan, 25 eta 23 tantorekin amaitu zen partida estuan, Anitua eta Zelaia izan ziren lehiaketako txapela eta kopa eskuratu zutenak.
Profesionalen arteko partida arazorik gabe hasi bazen ere, itoginek jokoa eten eta Ispasterko frontoian eman zioten jarraipena. Lehen mailako finalean, beraz, Zugadi eta Egiak Horma eta Bikuña garaitu zituzten 25 eta 20 tantorekin, hurrenez hurren.
Asteburu honetan emakumezkoen finalarekin bueltatuko da lehiaketa frontoira.