Zaldi probak jokatuko dituzte Etxebarrian
Hamabi partaidek lehiatuko dute zaldi mando onenaren proba; 800 kiloko harria erabiliko dute. Barikuan [apirilak 10] 21:00etan hasiko da proba, eta zapatuan [apirilak 11], domekan [apirilak 12] eta astelehenean [apirilak 13] izango dira gainerako probak.
Zaldi probak ikusteko aukera egongo da Etxebarrian apirilaren 10etik 13ra. Hamabi izango dira Zaldi-Mando eta Kinttopeko Sariketan parte hartuko duten partaideak.
Baikuan [apirilak 10] 21:00etan hasiko da apirileko bigarren asteburuan jokatuko den txapelketaren lehen proba. Lehen egun honetan, hiru izango dira partaideak: Etxebarritik, Egurrola (Kinttopeko Sarian); Zallatik, Elkarterri Turf Power eta Laukiztik, Garagarza Elkartea. Apirilaren 11n, zapatuan, 21:00etan hasiko da proba. Bertan, beste hiru partaidek ekingo diote lehiari: Guriezutik, Hermanos Santamaria; Markina-Xemeindik, Olazar (Kinttopeko Sarian) eta Aulestitik, Ibekohondo. Apirilaren 12an ere hiru partaide ikusteko aukera egongo da: Guriezutik, Fermin Santamaria; Fikatik, Garcia Alabak eta Zallatik, Kinttopeko Saria jokatzen, La Herrera Elkartea arituko da. Azken probak apirilaren 13an egingo dira, astelehenean. Bertan, Busturitik, Angel Txertudik parte hartuko du; Zallatik, Zornotza Anaiak arituko dira Kinttopeko Sarian; eta Kortezubitik, Jonathan Txertudi.
Zaldi mandoen proban hainbat dira banatuko dituzten sariak. Lehengoak 800 euro eta Ituarte Pentsuaken manta eta udalaren txapela jasoko ditu. Hortik aurrera, bigarren postutik hamargarreneraino izango dira sariak, 320 eta 700 euro artekoak. Kinttopeko Sarian ere, 100 eta 300 euro bitarteko sariak banatuko dizkiete lau partaideri.
Etxebarriko harria izango da proban erabiliko dena; 800 kilo dituena eta 50 kiloko txapa gehituko zaiona. Abereak proba baino ordubete lehenago pisatuko dira, eta 400 kilotan sartu beharko dira. Lehiaketa Euskadiko Herri Kirol Federakundeak kontrolatuko du.