Eskualdeko rock eta metal doinuen topaleku izango da Elizpe Rock
Hardcore, metal, Oi!, post-punk eta punk-rock estiloen zaleak batuko ditu Etxebarriko Elizpe Rock jaialdiak apirilaren 11n.
Etxebarriko elizpea musikari eta musikazalez beteko du, beste urte batez, Elizpe Rock jaialdiak. Apirilaren 11rako egin dute deialdia, eta eraberrituta eta formatu berri baten aldeko apustua egin dute aurten antolatzaileek . Jaialdian klasikoak bihurtu diren doinu gogorretaz haratago, herriaren eskakizunak kontuan hartuta bete dute aurtengo edizioko egitaraua.
Urtero legez, bi eszenatokitan eskainiko dituzte kontzertuak. Hala ere, jaialdia ez da elizpean hasiko. Irubide tabernaren aurrean gune berri bat jarri eta bertan entzungo dira jaialdiko lehen doinuak 16:00etatik aurrera, izan ere, arratsaldean Uxue eta Eztebe, Apapun eta Akustikaia taldeek kontzertu akustikoak eskainiko dituzte bertan: “Gune honetako kontzertuen helburua Elizpe Rock herrira hurbiltzea da; herriko jendea ibiltzen den tokietara eramatea eta arratsaldean herrian mugimendua egotea”.
Herriko umeen trikitixa eta pandero doinuek elizpera bidea egingo dute, jaialdiari jarraipena emateko. Elizpe Rock-en ohikoak diren soinuek beteko dute elizpea aurten ere, eta “estilo tradizionalak” izango dira nagusi. Hardcore, metal, Oi!, post-punk eta punk-rock doinuei toki berezia egin die oraingoan ere Etxebarrian, kontu handiz eratutako egitarau baten barruan: “Gure helburu nagusia eskualdeko eta inguruetako taldeei leku bat ematea da, eta bertako taldeei lehentasuna ematen saiatzen gara. Lea-Artbaiko mugetatik haratago ere joaten gara kasu batzuetan, Ermura edo Durangaldera, adibidez, baina beti hurbiltasun hori mantenduz”.
Zenbat talde, hainbat estilo. Lekeitio eta Markina-Xemeindik, harcore eta metal soinuak ekarriko ditu Beretter hirukoteak. Oi! doinuak hurbiletik datoz, Ondarroa eta Debatik datorren HIL taldearen eskutik. Zortzi urteko etenalditik bueltatu zen iaz Mitosia talde lekeitiarra, eta ohiko duten trash estiloan arituko dira eszenatoki gainean. Lekeitio sorterri duen Eskafandra taldea ere bertan izango da, soinu popero eta garaikideak eskintzera. Durango eta Elorriotik dator Reder taldea, elizpea punk-rock soinuekin betetzera. Forma pop-rock taldeak entzuleak mugiaraziko ditu Bilbotik ekarritako doinu gazteekin. Lionels taldeak, aldiz, doinu helduagoak ekarriko ditu Etxebarrira, rock and roll estiloan oinarritutako kantuak eskainiz. Hardocore ta metal zaleentzako, Durango eta Zornotzatik, Konorte taldea arituko da elizpeko eszenatokian. Elizpe Rock-en egondakoa da Aiama taldea, eta Mallabi eta Ermutik Punk eta Oi! doinuak ekarriko ditu beste behin.
Herritarren aldez aurreko parte-hartzea ere igarri du antolakuntzak, eta estilo horietatik at, erromeria talde bat ekarriko dute aurten: “Herrian sarri entzun izan dugu jaialdian erromeria falta dela, eta egotea nahi dutela. Herriak eskatu digun estilo bat ekarri dugu oraingoan”. Ondarroatik datorren Zerotan erromeria taldeak herriaren nahia beteko du, beraz.
Atzera begira jarri eta iazko edizio “arrakastatsua” gogoratu dute antolatzaileek. Lehen aldiz, rap eta trap estiloak ekartzeko hautua egin zuten: “Inguruko jende asko mugitzen zuela ikusi genuen; beste estilo batzuetan mugitzen den jende gazteagoa. Berritasun bat izan zen guretzat, eta oso ondo joan zen”. Aurten ere aurreikuspen ona egiten dute: “Uste dugu jende asko mugituko dela. Gainera, talde batzuek beraien LP eta EP-ak aurkeztuko dituzte, eta jendeak lehen aldiz ikusteko aukera izango du”.
Autogestioaren eta etengabeko lanaren emaitza da Elizpe Rock urtez urte. Eskualdeko taldeei elizpean babesa ematen dien jaialdia da, beraien lanak aurkezteko aukera eta tokia ematen diena. Hori dela eta, antolakuntzak “egun hau bermatzearen garrantzia” azpimarratu du: “Ahalegin handia egiten dugu beste ekimen batzuen egun berean ez egiten. Egiten dugun lan guztia kontuan hartuta, egun hau gurea izatea gustatuko litzaiguke”. Taldeentzat ez ezik, entzuleentzat ere behar-beharrezkoa den espazioa sortzen du antolatzaileen lanak, eta lan horren isla da Elizpe Rock.