Abian da Aulestiko leiho, balkoi eta etxaurreetako loreen hirugarren lehiaketa
Ekainaren 14rako gune guztiak prest egon beharko dira.
Aulestiko Udalak martxan jarri du Leiho, balkoi eta etxaurreetako loreen lehiaketaren hirugarren edizioa. Aurreko urteetako “arrakasta” ikusita, hirugarren aldiari ekin diote aurten aulestiarrek. Guneak prest egon beharko dira ekainaren 14rako, epaimahaiak espazioak baloratu ahal izateko.
Hala, lehiaketan edonork parte hartu dezaken arren, irizpideak zehaztu ditu Aulestiko Udalak. Izan ere, lehiaketan parte hartzeko etxeetako leihoak, balkoiak edota etxaurreak lorez edota landare naturalez apaindu beharko dira, baina apaindutako gunea kaletik edo etxe aurretik begiratuta ikusteko moduan egon beharko da. Gainera, antolatzaileek jakinarazi dutenez, lore apainketaren diseinua “erabat librea” izango da.
Baloratzeko orduan epaimahaiak irizpide estetikoak izango ditu kontuan, eta sariak bi kategoriatan banatuko dituzte: leiho eta balkoirik onenak eta etxaurrerik onenak. Kategoria bakoitzak hiru sari egongo dira: 50, 30 eta 20 eurotan baloratutako landareak lehen, bigarren eta hirugarren sarituarentzat. Urtero legez, sari banaketa Aulestiko San Joan jaietan egingo da, sobra txapelketaren ostean.
Leiho, balkoi eta etxaurreetako loreen hirugarren lehiaketan izena emateko aukera dago Aulestiko Udaletxean, administrazioa@aulesti.eus helbidera idatzita edo 946 27 90 06 telefonora deituta ere apuntatu daiteke.