Artedrama Euskal Laborategiak 21. aldia borobildu du Aulestin
Ikastaroek harrera bikaina izan dute eta giro "oso ona" sortu da. Eguraldiak ikusleen kopuruan eragina izan duen arren, antolatzaileek balorazio "oso positiboa" egin dute.
ADELeko ikastaroetako ikasleak. ADEL Urtero legez, barrura begirako sorkuntza eta kanpora begirako erakustaldia uztartu ditu ADELek, arte eszenikoetan euskaraz dihardutenentzako topagune izaten jarraituz. Apirilaren 6tik 11ra bitartean egin da 21. Artedrama Euskal Laborategia (ADEL) Aulestin, eta antolatzaileek balorazio baikorra egin dute, bereziki prestakuntza atalari dagokionez: 16 ikaslek parte hartu dute, eta bereziki gaztea izan da taldea. Eguraldi onak publikoan beherakada txiki bat eragin duela uste dute antolatzaileek, baina, hala ere, topaketek utzitako “zapora ona” azpimarratu dute.
Euskal Herriko txoko askotatik etorritako parte hartzaileek talde “oso trinkoa” osatu dute; besteak beste, Urepele edota Hazparneko aktoreek ere parte hartu dute ikastaroetan, baita Bizkaiko eta Nafarroako txoko ezberdinetatik etorritakoek ere. Antolatzaileek azpimarratu dute lurraldetasuna funtsezko ardatza dela, eta zentzu horretan aurtengo edizioa “oso oparoa” izan dela. Prestakuntzaren kalitateagaz eta sortutako giroagaz “oso pozik” agertu dira.
Kanpora begirako antzezlanei dagokionez, antolatzaileek zehaztu dute eguraldiak “apur bat” baldintzatu duela aurtengo edizioa: “Ohikoa denez, Pazko astean hotza eta euria izaten dira nagusi, baina aurten eguraldi ona izan da, eta horrek ikusleen kopuruan eragina izan duela uste dugu”. “Beherakada txiki bat” sumatu dute, batez ere jendea pilatu izan ohi den egunetan. Hala ere, testuingurua kontuan hartuta, erantzuna “oso ona” izan dela nabarmendu dute, eta Aulestiko herritarren inplikazioa goraipatu dute beste behin. “Herritarren inplikazio handia izaten da, eta urtero erantzun oso ona ematen dute. Gainera, kopuru politetan ibiltzen gara beti; beraz, pozik gaude“.
Iazko 20. edizio bereziaren ostean, aurtengoa “kopuru normaletara” itzuli dela azaldu dute: “Ohikoak baino kopuru handiagoak lortu genituen, goraldi moduko bat izan zen iazkoa”. Edonola ere, antolatzaileek azpimarratu dute urtero herriak eta ikusleek ematen duten babesa funtsezkoa dela egitasmoak aurrera egin dezan.
Edizio honetako balorazio “ona” egin ondoren, ordea, etorkizunari begirako “kezka” ere mahaigaineratu dute: “Orain arte ikastaroak egiteko erabili duten Lea Espazioa ezin izango dute erabili hemendik aurrera, eta horrek antolakuntza zailduko du. Laborategia topaketaren ardatz nagusietako bat denez, espazio berriak bilatu beharko ditugu datorren urterako”.
Jasotako albistea “gazi-gozoa” izan arren argi dute aurtengo edizioak utzitako “zapore onak” indarra ematen diela aurrera begira: “Iazko 20. urteurrenaren harira etorkizunaz egindako gogoetaren ondoren, aurrera jarraitzea erabaki genuen, herritarren eta Aulestiko Udalaren babesa, baita ikasleen interesa ere, handia delako. Izan ere, aurten ere matrikulatik kanpo gelditu den jendea egon da, eta horrek agerian uzten du beharra eta gogoa badagoela”.
Horrela, erronkei aurre egiteko prest agertu dira Artedramako kideak, eta ADELek erreferentziazko hitzordu izaten jarraitzeko asmoa berretsi dute. Datorren urteari begira helburua argia da: Aulesti arte eszenikoen topagune izaten jarraitzea, euskaratik eta euskararentzat.

Argazkia: ADEL