Bi urre herrira: Ondarrutarrek garaipena lortu dute Euskadiko Batel Txapelketan
Ondarroa, Mundaka, Elantxobe eta Mutriku aritu dira Sestaon lehiatutako Euskadiko Batel Txapelketan. Gazteen kategorian, lehia ikusgarriak eskaini eta Euskadiko Txapeldun izan dira herriko taldeko neskak eta mutilak. Lekeitioko Isuntza Arraun Taldeko neskek garaipena lortu zuten haurren kategorian. Mundakako neskek ere, kadeteen mailan eurenganatu dute bandera.
Ondarroa Arraun Taldeko neskek pozik ospatu zuten garaipenaIñaki Beitia Sestaon jokatu zuten joan den asteburuan Euskadiko Batel Txapelketa. Arraunketa Federazioak beste urte batez antolatu zuen txapelketan, Euskadiko txapeldun izan dira, gazteen kategorian, Ondarroa Arraun Elkarteko neska eta mutilak. Elantxobek eta Mutrikuk ere erakustaldia egin zuten eta emaitza onak lortu zituzten Nerbioi ibaiko uretan.
Bi urre Ondarroara. Gizonezkoetan Zierbena, Getaria, San Pedro eta San Juan izan zituzten aurkari Ondarroako batelak. 2.000 metroetako proban irteera sendo eta parekatua egin zuten bost batelek. Zierbenak eta Ondarroak menderatu zituzten lehen metroak azkarren, hurrengo metroetan bien artean sortuko zen lehia iragarriz. Lehen ziabogara heldu orduko agerian geratu zen ondarrutarren nagusitasuna. Zapatuko sailkapenean bigarren denborarik onena egin bazuten ere, laugarren kalean eroso agertu ziren, atzetik zetorren Zierbenako batela segundo batera utziz. Getaria, San Pedro eta San Juanen arteko parekotasuna azpimarratzekoa izan zen bigarren ziabogako biraketan, hala ere, ondarrutarrek oso atzean utzi zituen gainerako lau batelak. Haizea kontran, gogor eutsi zien ondarrutarrek lehen postuari hirugarren ziabogarra bidean.
Sanpedrotarrek indarrak batu eta ondarrutarren batela gero eta hurbilago zuten. Hasieran lotutako bigarren postua ezin mantenduta, Zierbena atzean geratu zen laugarren postua lortzeko aukera galduz. Azken luzean, San Juan, San Pedro eta Ondarroako batelak hiru segunduren bueltan zeuden. Sanpedrotarrak atzetik, ondarrutarrek erritmoa igo eta haizea lagun, indar guztiak uraren kontra jarri zituzten. Aparteko ikuskizuna eman zuten ondarrutarrek, hainbeste borrokatu zuten lehen postua 09.18,99 segundoko markarekin.

Ondarroa Arraun Taldeko mutilak garaile izan ziren.Iñaki Beitia
Maila eta indar bera erakutsi zuten irabazleen taldekideek emakume gazteen kategorian. Ondarroako batelak Gipuzkoako Hibaika, Zarautz, Tolosaldea eta Kaiku bizkaitarraren aurka lehiatu zuen. Hirugarren kalea zuten eurena, eta beste lau batelekin batera, irteera azkar egin zuten. Zapatuko sailkapenean, ondarrutarrek markatu zuten denborarik onena, eta atzetik, Hibaikak oso alde laburrarekin bete zituen egin beharrekoak. Lehen luzean, gutxigatik bazen ere, Tolosaldeak hartu zuen aurrea bigarren kalean. Tolosaldeak egin zuen biraketa arinen, eta atzetik, erabat berdinduta sartu ziren lau batelak bigarren luzean. Estrategiarik ere ez zen falta izan, patroiak zutik ziren haizea aprobetxatzeko, eta orduan hasi ziren ondarrutarrak lehen batelarekiko distantziak laburtzen. Bigarren ziaboga ondoren Tolosaldea oso sendo irten bazen ere, ondarrutarrek distantzia ezerezean uztea lortu zuten. Bosgarren kalean zebilen Hibaika, eta Ondarroako batelarekin norgehiagoka aritu zen bigarren postua bereganatzeko. Hirugarren ziabogarako bideak emango zuen, beraz, batek bestea atzean uzteko aukera. Ondarroak ikusleak harritu zituen hirugarren ziabogan; Hibaika atzean utzi eta Tolosaldeko batelaren parean hasi zuten azken luzea. Arraunkadarik galdu gabe eta haizea lagun, azken indarrak batu eta Ondarroak aurrea hartu zion Tolosaldeari, azken metro estu bezain hunkigarriak utziz. Ondo menderatu zituzten 2.000 metroak 10.19,97ko markagaz, eta arraun taldeko neskek bigarren urrea herrira ekartzea lortu zuten.

Ondarroa Arraun Taldeko neskak garaipenaren osteanIñaki Beitia
Lekeitioko Isuntza Arraun Taldeko neskek garaipena lortu zuten haurren kategorian. 04.51,30ko marka egin zuten lekeitiar gazteek Mutriku, Getaria, Itsasoko Ama eta Ondarroako batelen aurka. Lehen postua hartu zuen Isuntzak 1.000 metroetako probako irteeran. Lehen ziabogara heldu orduko, argi ikusi zen lekeitiarren nagusitasuna, eta postu hori mantendu zuten bigarren luzean ere. Ikusgarriak izan ziren lekeitiarren azken metroak, eta atzetik zuen Mutrikuko batela hiru segundora utzita, garaipena lortu zuten Isuntzako neskek.

Isuntza taldeak pozarren hartu zuen haurren garaipenaIsuntza Arraun Taldea
Mundakako neskek ere, kadeteen mailan eurenganatu zuten bandera. Kaiku, Itsasoko Ama, San Juan eta Orio izan zituzten alboko kaleetan garaipenaren beraren bila. Lehen ziabogara Mundakako, San Juaneko eta Orioko batelak ezin parekatuago heldu baziren ere, mundakarrek lehen postua hartu zuten luzearen hasieran. Orio atzean utzita, bigarren ziabogan Mundaka eta San Juanen aurrez aurreko lehia izan zuten. Hirugarren luzea ordura arteko erabakigarriena izan zen. Ikuskizun paregabea eskaini zuen batel bien artean sortu zen lehiak. Azken indarrak helmugarako metro gutxira utzi zituzten, eta azkenean, Mundakako neskak izan ziren helmuga gurutzatzen lehenak. 07.27,89ko marka egin zuten, parez pare zuten San Juan baino segundo bat gutxiago.

Mundakako kadeteek garaipena taldean ospatu zuten.Mundakako Arraun Elkartea