Berritxun gaztetxe eta gazte asanbladen topaketen aurkezpena egingo dute Euskal Herriko gazte mugimendua indartzeko
Lea-Artibai eta inguruko gazte asanbladek elkargune bat antolatu dute zapatuan [apirilak 18], topaketen berri emateko eta gazteen arteko sarea sendotzeko helburuarekin
Berritxun egingo da zapatu honetan Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketen aurkezpena, Lea-Artibai eskualdeko eta inguruko gazte mugimenduaren bultzadarekin. Ekimenaren helburua da maiatzaren amaieran egingo diren topaketen nondik norakoak azaltzea, gazteak animatzea eta asanbladen arteko harremanak sendotzea.
Antolakuntzan parte hartzen duen Uxue Mugartegi-k azaldu duenez, eguna goizeko 10:00etan hasiko da “topaketen propaganda moduko ekintza batzuekin”. Ondoren, 12:00etan aurkezpen nagusia egingo da, non topaketen helburuak azalduko diren eta parte hartuko duten asanbladek euren esperientziak partekatuko dituzten. “Pixka bat topaketak zertarako diren azaltzea eta jendea animatzea da helburua, batez ere asanbladentzat oso baliagarriak direlako”, nabarmendu du.
Egitaraua aurrera joan ahala, giro ludikoagoa ere izango da. Bazkariaren aurretik ginkana moduko jolasak egingo dira, eta ondoren, parte-hartzaileen arteko bazkaria antolatuko da. Arratsaldean, eguna kontzertu akustikoekin amaituko da, gazteen arteko harremanak sendotzeko eta giro informalean elkar ezagutzeko aukera eskainiz.
Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 40 lagun inguru batuko dira Berritxun. Parte hartzaileen artean egongo dira, besteak beste, Mutriku, Lekeitio, Ondarroa eta Markina-Xemein inguruko gaztetxe eta asanbladetako kideak. Beste herri batzuetako gazteek ere interesa agertu dute, eta antolatzaileek parte hartzera gonbidatu dituzte.
Topaketa hauek lehen aldiz antolatuko dira Euskal Herrian, eta ideia Elorrio eta Arrasateko gaztetxeetatik sortu zen. Aurretik zuten harremanetik abiatuta, gazte asanbladen arteko sare zabalago bat sortzeko beharra ikusi zuten, eta horretarako lanean hasi ziren, beste herrietako taldeekin harremanetan jarriz eta bilerak eginez.
Maiatzaren 30 eta 31n Elorrion egingo diren topaketek tailerrak, dinamikak eta elkartruke espazioak eskainiko dituzte, gazte mugimenduaren indartzea helburu. Berritxuko aurkezpena, beraz, lehen pausoa izango da bide horretan.
“Jendea ezagutzeko eta ideiak partekatzeko aukera oso ona da”, azpimarratu du Mugartegik. Antolatzaileek argi dute ekimenak etorkizunerako bidea ireki dezakeela, gazteen arteko elkarlana eta antolakuntza indartuz Euskal Herri osoan.