LAIkolorea jaialdiak kultura aniztasuna ospatu du Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxean
140 ikasle baino gehiagok eta irakasleek parte hartu dute janaria musika eta ohiturak partekatzeko ekitaldian.
Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxean LAIkolorea jaialdiaren edizio berria ospatu da, kultura aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko helburuarekin. Ekimenak ikasleen, irakasleen eta familien parte-hartze zabala izan du, eta kanpotik etorritako herritarrak ere batu dira giro anitz eta aberatsean.
Ainhoa Illoro lanerako prestakuntzako arduradunak azaldu duenez, guztira 140 ikasle inguru aritu dira parte hartzen, 11 taldetan banatuta, eta horiei 40-50 irakasle inguru gehitu zaizkie. Gainera, Batxilergoko eta zikloetako ikasleek ere euren ekarpena egin dute, eta ekitaldia herritarrei irekia izan da.
Jaialdiaren ardatz nagusia kultura desberdinak ezagutaraztea izan da. Ikasle bakoitzak bere jatorrizko herrialdeko elementuak ekarri ditu, batez ere gastronomiari lotutakoak, hala nola pintxoak edo plater tipikoak. Senegal, Maroko, Nikaragua, Peru, Ekuador, Venezuela edo Irlanda bezalako herrialdeetako ordezkaritza izan da, nahiz eta postuak ez diren herrialdeka banatu, baizik eta talde bakoitzean kultura anitzak nahastu diren.
Horrez gain, jantzi tradizionalak, musika eta dantzak ere izan dira protagonista. Ikasleek euren herrialdeetako abestiak proposatu dituzte, eta ondoren modu aleatorioan jarri dira, giro alaia eta parte-hartzailea sortuz. Egunean zehar jokoak ere antolatu dira, eta amaieran dantzak egin dituzte parte-hartzaileek.
Jaialdiaren barruan bigarren eskuko azoka ere egin da, trukea eta berrerabilpena sustatzeko helburuarekin. Ikasleek etxean erabiltzen ez dituzten objektuak ekarri dituzte, beste pertsona batzuek aprobetxatzeko aukera izan dezaten.
Illorok azpimarratu du ekimenak harrera oso ona duela urtez urte, eta ikasleek ilusio handiz parte hartzen dutela, euren kultura erakusteko aukera baliatuz. Halaber, nabarmendu du gaur egungo errealitatean gero eta kultura gehiago elkartzen direla ikasgeletan, eta horrelako jarduerek integrazioa eta elkar ulertzea lantzeko balio handia dutela.