Itxaropena estudiantina berriz piztu da gazteen eskutik tradizioari etorkizuna emanez
Hamarkadetako ibilbidearen ondoren, belaunaldi berriek berpiztu dute Lekeitioko estudiantina, herriko nortasuna eta musika ondarea mantentzeko helburuarekin.
TRAOLATRAOLA Badira tradizio batzuk denboraren joanari eusten diotenak, isildu arren inoiz guztiz desagertzen ez direnak. Halakoa da Lekeitioko estudiantinarena. Urte batzuetan geldirik egon ondoren, gazte belaunaldi batek berriz hartu du lekukoa, herriko kaleetara musika, kolorea eta identitatea bueltatzeko asmoz.
Berpizkunde honen atzean daude, besteak beste, Ekain Txakartegi eta Keylan Sarango. Biek barrutik bizi izan dute prozesua, eta ilusioz kontatzen dute nola sortu zen egungo taldea: “Ikusten genuen behar bat zegoela belaunaldi erreleboa emateko. Aurrekari bat geneukan umeen estudiantinarekin, eta pentsatu genuen formula hori berriro martxan jartzea zela bidea”, azaldu du Txakartegik.

Historia luzeko tradizioa
Lekeitioko estudiantinaren jatorria XIX. mendera doa. Garai hartan, udal bandarekin izandako desadostasunek bultzatuta, musikari talde batek bere bidea egitea erabaki zuen. Hasierako urte haietan, Kasimiro Etxeberria izan zen figura giltzarrietako bat, eta berak sortutako kantu askok gaur egun ere estudiantinaren errepertorioaren parte izaten jarraitzen dute.
Gerora, 1969an, umeen estudiantina sortu zen, Miguel Harrieta eta bere emazte Karmen Reiris-en eskutik. Haien musika eskolatik abiatu zen ekimen hura, eta urte luzez izan zen herriko kultur egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat, bereziki inauterietan.
Hala ere, denborarekin jarduna eten egin zen, eta 2000ko hamarkadaren hasieran desagertu zen. Orain, ia bi hamarkada geroago, gazteek berriro piztu dute sua.
Musika identitatearekin
Estudiantina ez da musika taldea soilik. Parte hartzaileentzat, herriko nortasunaren adierazle bat da. “Guretzat oso garrantzitsua da Lekeitioko gauza propio batean parte hartzea. Azkenean, belaunaldi askok mantendu duten zerbait da, eta guk ere jarraipena eman nahi diogu”, dio Sarangok.
Taldearen berezitasunetako bat bere errepertorioa da: guztiz lokala. Herriko kanta tradizionalak eta bertako konpositoreen lanak dira oinarria.
“Gure errepertorioa oso-osoa Lekeitioko kantuekin osatuta dago. Horrek ere bereizten gaitu”, nabarmendu du Txakartegik.
Instrumentazioak ere badu bere ukitua: biolinak, bandurriak, laudak, klarineteak edo bonbardinoak bezalako tresnak uztartzen dira, giro berezia sortuz kaleetan.

Lehen irteeraren emozioak
Berreskuratutako estudiantinaren lehen agerpena inauterietan izan zen, eta une hori berezia izan zen parte hartzaileentzat. “Lehenengo irteera hori izan zen momenturik garrantzitsuena guretzat”, gogoratu du Txakartegik.
Sarangok ere bizi izan zuen momentua barrutik, biolin-jotzaile gisa: “Oso desberdina da. Beste genero batzuk jotzera ohituta nago, baina hemen jendea ez dator perfekzio bila bakarrik, ondo pasatzera baizik, kantatzera eta giroaz gozatzera”.
Herritarren erantzuna ere beroa izan zen, eta horrek indarra eman die proiektuari jarraipena emateko.
Gazteak eta aniztasuna
Taldearen beste ezaugarri nagusietako bat irekitasuna da. Maila guztietako musikariak daude, esperientzia handikoak zein hasi berriak. “Helburua ez da maila altua eskatzea, baizik eta musika gozatzea eta hori herriari transmititzea”, azpimarratu du Sarangok.
Azken urtean, gainera, kide berriak gehitu dira, tartean bederatzi biolin-jotzaile. Hasieran egokitzapena ez zen erraza izan, baina entseguen bidez taldea sendotzen joan da.
“Hasieran kostatu egin zen, baina pixkanaka moldatzen joan gara eta azkenean dena ondo atera zen”, azaldu du.
Tradizioa eta berrikuntzak
Etorkizunari begira, helburua argia da: tradizioa mantentzea, baina pixkanaka berrituz. “Estudiantinaren oinarria mantendu behar da, hori argi daukagu. Baina errepertorio zabalean badaude gutxiago jotzen diren piezak, eta horiek pixkanaka sartzea gustatuko litzaiguke”, dio Txakartegik.
Ekitaldi nagusiak oraindik ere puntualak dira —inauteriak, Gabonak edo bestelako egun bereziak—, baina eragin handia dute herrian. “Agian ez gara urte osoan presente egoten, baina ateratzen garenean jendeak erantzun handia ematen du”, gehitu du.
Etorkizuneko erronkak
Proiektuak baditu erronka nagusiak: kide gehiago erakartzea eta jarduera sendotzea. “Helburua da jende gehiago batzea eta estudiantina indartzen jarraitzea”, laburbildu du Sarangok.
Horrez gain, beste herrietara irteteko asmoa ere badute, nahiz eta oraindik zehaztu gabe egon.
Bien bitartean, Lekeitioko kaleetan berriro entzuten dira aspaldiko doinuak. Estudiantina itzuli da, eta gazteen eskutik, badirudi oraingoan etorkizuna ere baduela.