Pedro Lasarte: "Barruak eskatzen didana sortzen dut"
Pedro Lasarte Iparragirre 'Toxu' artista ondarrutarrak txikitatik daukan artista sena jarraitu du bizitza osoan. Gaur egun ere sortzen jarraitzen du, eta kulturari bultzada emateko euskal artisten arteko sarearen garrantzia azpimarratu du.
Pedro Lasarte Iparragirre 'Toxu'Klik Klak. Kontzientzia duenetik erabiltzen ditu bere eskuak Pedro Lasarte Iparragirre Toxu ondarrutarrak. Diziplina ezberdinetan aritu da —zeramika, eskultura, pintura—, eta bere lanek estilo bakar bat jarraitzen ez duten arren, “erraz” identifika daitezkeela dio Lasartek. Bere ibilbidean funtsezkoak izan dira Bitxore Laka eta Josu Etxaburu Latxanbre bezalako figurak, baita kartzelan ezagututako Xabier Morras eta Carlos Catalan artistak ere. Gaur gaurkoz, erakusketetan ez ezik sare sozialetan ere aurkitu daitezke bere lanak: Instagramen (Toxu.art) eta Facebooken (Toxuart Arts).
Noiz hasi zinen sortzen?
Umetatik datorkit. Gero, serigoago, 17 urtegaz hasi nintzen, Artelanen edo orduko Kresalan, Bitxore Laka eta Josu Etxaburu Latxanbregaz. Haiek izan ziren nire erreferente nagusiak. Latxanbrek mugimendua eta sentsibilitatea eman zizkidan, eta Lakak buztina nola landu erakutsi zidan. Ordutik, ez dut sekula utzi.
Zer nolako garrantzia izan dute biek zure ibilbidean?
Oso handia. Ateak ireki zizkidaten artearen mundura, eta asko erakutsi zidaten. Gero, kartzelan egon nintzenean, Xabier Morras ezagutu nuen, eta hark ere asko erakutsi zidan. Han ulertu nuen leiho guztiak zabalik eduki behar nituela, gero nire propioa aukeratzeko. Horrez gain, niretzat oso garrantzitsua da nire ondoan daudenen laguntza ere, etxean beti izan baitut babesa, eta nire emazteak zeresan handia dauka horretan.
Bitxore Laka eta Josu Etxaburu Latxanbre izan ziren nire erreferente nagusiak.
Diziplina ezberdinetan ibili zara. Autodidakta zarela esan daiteke?
Pinturan bai. Zeramikan formakuntza izan nuen, baina pintura neure kabuz ikasi dut. Kartzelan margotzen hasi nintzen serioago, han giro artistiko interesgarria sortu baitzen.
Material ezberdinak erabiltzen dituzu. Zerren arabera?
Barruak eskatzen didana sortzen dut, eta horren arabera aukeratzen dut materiala. Normalean, ez dut kontzienteki aukeratzen, baina sormen prozesuan jakiten dut zein materialekin sortuko dudan pieza. Garaiaren arabera ere izaten da; batzuetan material batek hartzen du protagonismoa. Hala ere, niretzat garrantzitsuena da zer kontatu nahi dudan eta nola adierazi dezakedan modu onenean.
Zelakoa izaten da zure sormen prozesua?
Abiapuntua beti izaten da marrazki bat. Gainera, ni beti joaten naiz poltsan nire arkatz eta koadernoagaz. Beraz, segur aski, kafe bat hartzen nagoenean ere, margotzen nabil. Ideia bat dudanean, lehenengo paperean jartzen dut, eta ondoren forma ematen joaten naiz. Orain, adibidez, egurragaz ibili naiz asko, baina buztinera itzultzeko premia sentitzen dut.
Abenduan erakusketa bat jarri zenuen Ondarroan. Zer berrikuntza sartu duzu azken lanean?
Argia. Koadroak argiztatzea erraza da, baina hiru dimentsiotako piezari argia jartzea ez. Beraz, erakusketa honetan eskulturek barruan argia daramate. Horrela, piezak berak sortzen du bere argiztapena, eta sakontasun handiagoa ematen dio.
Zelako harrera izan zuen erakusketak?
Oso ona. Jende asko ibili zen barrura eta kanpora, eta bereziki argiak sortzen zuen efektuak deitu zuen arreta. Oso pozik gelditu nintzen, nahiz eta oso gaitza den %100 gustura sentitzea.

Argazkia: Klik Klak.
Zergatik?
Artista asko bezala, oso kritikoa naiz nire lanagaz. Buruan dudan ideiatik beti zerbait galtzen da egiterakoan. Jendeak %100 ikusten du, ez baitauka beste erreferentziarik, baina nik badakit zer falta den. Esaterako, amets bat kontatzean zu kontziente zara zer gertatu den, eta kontatzen duzunean %60 inguru galtzen da; hala ere, beste pertsonak kontatutako %40 horregaz sortzen du gertatutakoaren istorioa, beretzat %100 delarik. Berdina gertatzen zait niri burutik paperera eta paperetik piezara eramateko orduan.
Hainbat proiektutan ibili zara, eta Juan Bidegainegaz ere sortu zenuen Alazea proiektua.
Juan Bidegainek proposatu zidan proiektua. Ondarroa herri arrantzalea izanik, arrantzaleen irudiak falta zirela zioen. Bere argazkietan oinarrituta koadroak eta eskulturak egin nituen: danetara hamazazpi koadro eta bost eskultura sortu genituen. Hori egin ondoren, film labur bat ere egin zuen. Esperientzia oso aberasgarria izan zen, Bidegain artista handia da, eta asko miresten dut.
Zer berezitasun zeukan erakusketak?
Ikusleari ukitzeko gonbita egiten zion. Normalean «ez ukitu» kartelak irakurtzen ditugu museoetan, baina kasu honetan kontrakoa lortu nahi genuen: ukitu, sentitu eta barrura sartu.
Helburu nagusia da kulturari ahalik eta bultzada handiena ematea.
Gaur-gaurkoz, zein proiektu darabilzu esku artean?
120 artistatik gorako sare bat daukagu Euskal Herrian: Eskuahaldunak eskultoreen elkartea. Euskal Herriko txoko ezberdinetan erakusketak egitea da ideia, eta horretan gabitza. Sareko artista guztiok edukitzen dugu gure obraren bat erakusketa kolektibo horietan aurkezteko aukera. Horrela, norbere lanak erakusteko aukeraz gain, hain garrantzitsua den geure arteko sarea elikatzen jarraitzea lortzen dugu. Helburu nagusia da kulturari ahalik eta bultzada handiena ematea.