Pintxo Bidea: ostalaritzari bultzada txiki bat
Zazpigarren urtez antolatu du Markina-Xemeingo Hemen Be Bai Merkatari Elkarteak herritarren artean klasiko bihurtu den Pintxo Bidea. Ostalaritza bultzatzea eta herriko saltzaileen sarea indartzea oinarri duen ekimen hau motibo, 4.400 pintxo saldu ziren iazko Pintxo Bidean.
Pintxo Bidearen aukezpena egin dute Hemen Be Baik, alkateek eta laguntzaileek. Bide bera jarraitzeko asmoarekin antolatu dute Pintxo Bidea aurten ere, pintxoak dastatzeko, tabernarien lana bultzatzeko eta gastronomiaren bitartez jendea herrira erakartzeko. Markina-Xemein bizirik mantentzen duten ostalarientzat erakusleiho entzutetsu bihurtu da Pintxo Bidea. Hamalau taberna dira aurten pintxoz pintxo aritzeko bidea eraiki dutenak
Apirilaren 23an hasi eta 26ra arte egongo da pintxoak dastatzeko aukera. Lau egun horietan, Markina-Xemeinen, Etxebarrian eta Ziortza-Bolibarren egongo da pintxoen eskaintza, 12:30etik 14:30era eta 18:30etik 21:30era. Pintxo bakoitzak 2 euroko kostua izango du, eta tabernek izango dute mokadu bakoitzaren alergenoak adierazteko ardura.
Fantasia, Baserriko Mokadua, Urxenpintx, Lur Kurruskaria edo Itsas Eztanda bezalako izenek ondo ordezkartzen dute pintxoek eskaintzeko daukaten guztia. Markina-Xemeingo Ilunpe, Irurok, iruzubi, Kindal, Melo’s, Mendibil, Mugarri, Vega, Noa, Sakris, Toldope eta Naroki tabernak izan dira saretzeko pausoa eman dutenak. Etxebarriko Antsotegi jatetxeko sukaldariek ere, iazko txapelketako garaipena errepikatzea dute helburu, eta aurten ere erakustaldia egiteko asmoekin datoz. Azkenik, Ziortza-Bolibarren ere egingo dute geldialdia pintxo zaleek, bidea egiten lagunduko baitu aurten Arkupe tabernak.
Dastaketa egin ondoren, gehien gustatu zaien pintxoaren aldeko botoa emango dute bezeroek. Tabernetan bertan aukituko dute botoa emateko Pintxo Bidearen orria. Tabernari bakoitzak bere zigilua jarriko du bezeroaren orrian, bertako pintxoa dastatu duenaren adierazle. Bezeroak, orri horretan bertan, bere datuak eta pintxo onenaren izena jartzeko aukera izango du. Botoa emateko, Hemen Be Bai elkartearen lokaleko postontzian sartu beharko du, Artibai kaleko 4. zenbakian.

Antsotegi jatetxeko SantaKroke Festa izan zen iazko irabazlea.Antsotegi Jatetxea
Aurrerapauso nabarmenak ematen ari da ekimena urtez urte, eta maila gero eta altuagoa ari da izaten. Horregatik, beste herri batzuetatik gero eta jede gehiago antzeman izan da azken aldietan, eta aurten ere, bide horietatik hobetzen jarraitzeko asmoa du Hemen Be Baik. Berritzailetik badu kanpainak, baita tradiziotik ere. Bertako produktuak erabiltzeak balio gehigarri bat ematen die pintxoei, eta bezero zein ostalariek hurbiltasun horren alde egiten dute.
Esker bereziak eman nahi izan dizkie Hemen Be Bai elkarteak elkarlanean aritu diren Markina-Xemeingo Udalari eta Etxebarriko Udalari. Hala, aintzat hartu dituzte Euskitze Likor Ardoak, Olasagasti Kontserbak, Ateun eta Guenaga harategiak, Onkaia arraindegia, Uronza, Mari eta Hipolita janari dendak, Larruz Gaztak, Xuri Burdindegia, Itziar optika, Tate gozotegia eta Ulemotx ileapaindegia, eskainitako laguntzagatik.
Sari banaketa. Joan diren urteetako ereduari jarraiki, lau izango dira banatuko dituzten sariak. Herriak emandakoa herriari bueltatzea helburu, merkataritza elkarteko establezimenduetan gastatzeko txekeak izango dira sariak.
Pintxo onenaren bi sari banatuko dira; lehena, 200 eurokoa, hainbat gastronomia sari jaso dituzten sukaldariek osatutako epaimahai profesional batek erabakiko du. Eguenean, apirilaren 23an, arituko dira Markina-Xemeingo bazter eta tabernak ezagutzen, eta sukaldariek euren pintxoa nola sortu duten entzuten. Bigarren saria herritarren esku utzi du markatari elkarteak: herritarren euren irizpide pertsonalen eta gustuen arabera emango dute botoa, eta horren arabera erabakiko da 100 euroko sariaren irabazlea.
Ostalari eta merkataritza elkarteak euren esker ona erakutsi nahi die bezeroei, horregatik, herritarrak ere saridun suertatu daitezke. Baina, nola funtzionatzen du honek? Bi zozketa abiaraziko dituzte antolatzaileek; lehenengoa, pintxo guztiak probatu eta zigilu guztiak batu dituztenen artean; bigarrena, pintxo onena asmatzen dutenen artean, gainerakoak probatu ez badituzte ere. Sariak eta zozketetako irabazleak maiatzaren 1erako argitaratuko dituzte.