60. urteurrena dantzan ospatu du Zerutxu Dantza Taldeak
Musika eta dantzen bitartez Markina-Xemeingo kaleak girotu zituen taldeak joan den zapatuan [apirilak 18], eta egungo egoera onaren eta taldearen etorkizunaren erakusle izan zen urteurren jaia.
Zerutxu Dantza Taldeko kideek ospakizun eguna izan zuten.Zerutxu Dantza Taldea Markina-Xemeingo jai eta ospakizunak 60 urte luzez girotu ditu Zerutxu Danza Taldeak. Hainbat izan dira taldea bizirik mantendu duten dantzariak, musikariak, familiak eta taldearen emanaldi bat ere ez galtzeko hara eta hona aritu izan direnak. Zerutxuren 60 urte luzeak ospatzeko eta kideek urtez urte erakutsi duten elkarlan nekaezina eta herriaren nortasuna mantentzeko grina eskertzeko, Zerutxu Dantza Taldeak bere urteurren jaia ospatu zuen joan den zapatuan.
«Lehengo dantzariak eta oraingoak» batzeko eguna izan zen zapatukoa. Lehen orduetan euri tanta batzuk erori baziren ere, eguraldia aldatu eta aurreikusten zuten «egun biribila» izan zuten taldeko kideek. 13:00etan hasi zuten jaia trikipoteoan, eta dantzarien jaia martxan zegoela aditu zuten kalean zeuden herritarrek. Goikoportalera egin zuten bidea dantzariek, eta bertan, emanaldia eskaini zuten handik pasatzen ari ziren zenbait herritarren begiradapean. Zapi moreak lepoan, bazkarirako 112 lagun batu ziren Plazabarripean, bertan ere, aulkietan ezin geldirik egon eta dantzari ekin zioten markina-xemeindarrek. Lagun eta familiartekoekin batzeko eguna ere izan zuten, urte luzez taldearen alde egindako laan eskertu eta elkarrekin ospatzeko. Bingo musikatuan aritzeko astia ere izan zuten, eta bazkaria amaituta, jaiarekin jarraitzeko gogoak ez ziren falta. 18:00etatik aurrera, Kittu taldeak musika eta animazioa eskaini zituen etenik barik, kalerik kale jaiaren erdigune izan ziren dantzak une oro bizirik mantenduz.
Nagusiek sortutako guzti hori gazteak mantentzen ari direla ikusi zen zapatuan. Giro onean eta arrazoi batek batuta, ospakizun gogoangarria izan zuten taldekoek, eta urte gehiagoz batera jarraituko duela erakutsi zuten.