Topaketen jatorria urte hasieran kokatzen da, Elorrio eta Arrasateko gaztetxeetatik bidalitako mezu batean. Bertan, faxismoaren eta eskuinaren gorakadaz, okupazioaren aurkako erasoez eta gazteen despolitizazioaz ohartarazi zuten, baita modu independentean antolatutako gazteen kriminalizazioa salatu ere. Egoera horren aurrean, Euskal Herri mailako gaztetxe eta gazte asanbladen arteko elkarlana indartzeko beharra azpimarratu zuten, eta horretarako lehen bilera batera deitu zituzten herri ezberdinetako kideak.
Lehen bilera horretan topaketen oinarriak finkatu zituzten: helburuak, formatua eta norabidea. Parte-hartze zabala bermatzeko, eskualde mailako espazioak sortzea ere erabaki zen, tokian tokiko zailtasunak gainditzeko. Hori funtsezkoa izan da Lea-Artibai eskualdean, non azken hilabeteetan harreman berriak sortu diren eta aurretik existitzen ez ziren loturak eraiki diren.
Gaur egun, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio eta Berriatuako gazte asanbladetako kideak elkartzen dira modu erregularrean, eta Markina-Xemein eta Etxebarriko gazteekin ere harremanak estutu dituzte. Prozesu horrek erakutsi du topaketek ez dutela soilik Euskal Herri mailako sarea indartzen, baizik eta eskualdean bertan ere elkarlanerako oinarri sendoak jartzen dituztela.
Testuinguru horretan, zapatuan Berriatuan egindako jardunaldiak maiatzaren 29an eta 30ean Elorrion egingo diren Euskal Herriko topaketen aurkezpen gisa balio izan zuen. Eguna propaganda lanekin hasi zen, eta ondoren topaketen aurkezpena egin zen. Mahainguru batean, herri bakoitzeko asanbladetako kideek euren ibilbidea, egungo erronkak eta saretzearen garrantzia partekatu zituzten.
Parte-hartzaileen arabera, mahaingurua “bereziki aberasgarria” izan zen, herri bakoitzeko errealitateak ezagutzeko aukera eman baitzuen. Izan ere, egoerak askotarikoak dira: generazio errelebo falta, jakintza metatzeko zailtasunak, asanbladen osaera aldakorra edo gaztetxeen baldintzak, besteak beste. Hala ere, guztiek azpimarratu zuten “gazte asanbladek herrietan eragile aktibo izaten jarraitu” behar dutela, gazteentzako erreferente politiko eta sozial gisa.
Jardunaldia giro ludikoago batean amaitu zen, jolasen, bazkari kolektiboaren eta kontzertu akustikoen bidez. Horrela, hausnarketa eta aisialdia uztartu zituzten, komunitatea sendotzeko espazio informalak ere ezinbestekoak direla erakutsiz.
Egindako balorazioan nabarmendu dute topaketek aukera eman dietela elkar ezagutzeko, kezkak eta erronkak partekatzeko eta elkarren indarguneak identifikatzeko. Gainera, azpimarratu dute, nahiz eta gazteak indibidualismora eta despolitizaziora bultzatzen dituen testuinguru batean bizi, badagoela eskualdean antolatzeko eta elkartzeko prest dagoen gazteria.
Aurrera begira, bide horretan jarraitzeko asmoa agertu dute, bai Euskal Herri mailan bai eskualdean bertan, elkarlana sendotuz eta kolektibotasuna sustatuz. Helburua argia da: gazteek euren behar eta interesetara egokitutako espazioak sortzen jarraitzea, merkatuaren logikatik kanpo, eta gizarte kapitalista eta indibidualistaren aurrean alternatibak eraikitzea.