Lukiek eta Nize taldeek Akerbeltz gaztetxea beteko dute
Kontzertuak bihar [apirilak 24] 22:00etan hasiko dira, eta sarrera 7 euroren truke egongo da salgai.
Akerbeltz gaztetxea musikaz eta zalez beteko da bihar gauean [apirilak 24]. Okerra Crew-k antolatuta, «espiritu alternatibo, bihurri, ausart eta errebelde» handiko kontzertuak datoz gaztetxera oraingoan ere. Lukiek eta Nize taldeek beteko dute gaztetxeko oholtza, eta musika entzuteko eta giro onean egoteko aukera egongo da 22:00etatik aurrera. Sarrera 7 euroren truke egongo da salgai.
Lukiek talde mungiarraren estilo eta soinua ezagun bihurtu da jada. Han eta hemen aritu dira euren hiru diskoetako kantuak jotzen, eta oraingoan, Akerbeltzera datoz Vederatzi Iritzi, Automata edo Subaru Bat Doble Filan kantuekin giro aparta sortzera. Soinu indartsu eta melodia itsaskorrek beteko dute, beraz, gaztetxea.
Soinu zahar eta garaikideen arteko nahaste baten eta esperimentazioaren alde egindako apustu baten emaitza da Nize. 2020an arteen fakultatean sortu zen taldea da, eta gauean 90. hamarkadako soinuak ekarriko ditu gaztetxera, Ezin diskoko edo Zu Lo Han EP-ko kantuak eskainiz.