Markina-Xemeingo Gazte Eguna «herriaren sua» piztera dator
Egun osoko egitaraua antolatu dute biharko, eta mahai inguruan, bazkarian eta poteoan bilduko dira. Labar eta Aramu taldeen kontzertuak antolatu dituzte gauerako.
Autogestioaren eta herriko gazteen elkarlanaren emaitza izango da, beste urte batez, Gazte Eguna. Herriko kaleak musika, kuadrila eta giro onez betetzen dituen jaia izan ohi da, hala ere, aldarrikapenak egiteko eguna ere badela erakutsi dute urtez urte.
«Soinuek pizten dau herrixan sue» lelopean batuko dira aurten markina-xemeindarrak. Egitarauari hasiera emateko, 12:00etan mahai ingurua antolatu dute Akerbeltz gaztetxean: «Musika eta politikaren arteko harremanaz eta musika arloan gertatzen ari diren aldaketei buruz hausnartzeko» berbaldia antolatu dute. Gai hau jorratzeko, Lorea Zulaika eta Aiert Alberdi musikariak arituko dira hizlari lanetan, gainera, eskualdean musikaren alde jarduten duten Okerra Crew-ek ere izango dute zeresana.
Gazte Asanbladako kideek mahai inguruaren ostean bertan geratu eta marianitadara animatzeko gonbidapena egin die gazteei. Hori amaituta, bazkarian batuko dira 14:30ean. Bazkaloste girotuaren ostean, 18:00etan gaztetxetik irten eta poteo musikatua antolatu dute herriko kaleetan. 22:00etan helduko da Akerbeltz gaztetxea berriro betetzeko ordua, izan ere, Labar eta Aramu taldeek kontzertu bana eskainiko dute. Hauek bukatuta, Guzurterak DJ izango dira gaua girotzearen arduradunak.
Asanbladak Gazte Egunerako kamisetak diseinatu ditu aurten ere. Hala, gazte guztiei kamiseta jazteko deialdia egin die biharko egunerako. Gaur bertan egongo dira kamisetak arkupeetan saltzen. 18:00etatik aurrera geraturatzen direnek, beraz, kamiseta berriak eskuragarri izango dituzte 10 euroren truke.