Talatik plazara, dantzariz bete dute Lekeitio
Lekeitioko Umeen XIII. Euskal Jaiak herriko Etorkizuna Dantza Taldea, Gure Ametsa dantza talde mutrikuarra, Gautegiz Arteagako Artie Dantza Taldea eta Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldea batu ditu.
Plazara abiatu aurretik, Talan eskaini dute lehen dantzaldia. Ikurrinek, koloretako arropek eta txistu eta danbolin soinuek bete dute Lekeitio gaur goizean. Lekeitioko Umeen XIII. Euskal Jaia ospatu dute hamairugarren urtez, eta eguerdian, Ateatik hasi dute egunari hasiera eman dion kalejira. Dantzari lanak egiteaz gain, Lekeitioko Etorkizuna Dantza Taldeak izan du jaia antolatzeko ardura. Lekeitiarrak ez dute talarako bidea bakarrik egin, izan ere, Lekeitiora bertaratu dira Gure Ametsa dantza talde mutrikuarra, Gautegiz Arteagako Artie Dantza Taldea eta Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldea. Eskualdeotatik kanpoko dantzariek ere tokia izan dute talan eta plazan; Besaide dantza taldea etorri da Elorriotik, Txindurri Ermutik eta Goi Herri bilbotarrak, San Inaziotik.
Gurasoak hurbil hurbiletik izan dituzte jarraika dantzari txikienek, eta askok aurrea hartu nahi izan dute dantzak ikusteko lekurik onena hartzeko. Momentu batetik bestera, gaztez bete da tala, eta plaza bazterretara begira aritu dira asko, gurasoak aurkitu eta hauek agurtzeko irrikan. Irakasleen esanak jarraitu eta taldeka jarri dira denak. Fila zein borobilean aritu dira dantzan, eta txistu eta danbolin soinuen erritmoan, ikuskizun hunkigarri eta polita eman dute Lekeitioko Umeen Euskal Jaiak batu dituen 180 haur eta gazteek. Talako dantzaldian Agintari Dantza, Ezpata Joko Txikia eta Zortzinangoaz gain, Txulalai, Zapatain , Marmutx, Bizkaiko Arku Dantza, Makil Txiki eta Domingillo dantzak eskaini dituzte.
Talatik plazara lekualdatu dituzte ikurrinak eta dantza taldeen ikurrak. Eguzki azpian egin dute bidea, eta dantza berriz osatutako bigarren ikuskizun bat eskaini dute plazan. Oraingo honetan, Agintariarena eta Txontxongilo izan dira ikusleek txalo zaparrada artean hartu dituztenak. hauen ostean etorri dira Gorulari dantza, San Petrike eta Zazpi Jauzi.Ā
Dantzarientzat bazkaria ere antolatu du Etorkizunak. Hala, herriko eskola eta ikastolako jantokietan bazkaldu dute gaztetxoek, eta saretzeko eta lagun berriak egiten jarraitzeko aukera polita izan dute. Gaurkoan, dantzariek Lekeitioko tala eta plazan eskeini dutena ez da dantzaldi soil bat izan; euretako bakoitza jai honen etorkizunaren erakusgarri izan da, eta euskal jaiek etorkizuna badutela erakutsi dute.