Justizia sozialaren alde eta faxismoa zein inperialismoaren kontra borrokatzeko deia zabalduko du ELA Sindikatuak
Argazkia: ELA Sindikatua. SMI 1.500; Jo ta ke, hemen erabaki arte lelopean aterako da ELA Sindikatua Langileen Nazioarteko Egunean; Bilbon eta Iruñean egingo dituzte manifestazioak: “ELAren eta milaka militanteren eginbeharra da geroz eta basatiagoa den kapitalismoaren ondorioei aurre egitea, inperialismoaren, gerraren eta, sakonean, faxismoaren aurka borrokatzea”.
Mitxel Lakuntza ELA Sindikatuaren idazkari nagusiaren eta Amaia Muñoa idazkari nagusi albokoaren berbetan, demokraziaren eta burujabetza sozialaren defentsa izan behar dira borrokaren ardatzak. Lakuntzak adierazi duenez, “gizarteak gutxieneko soldataren aldarrikapena bere egitea eta prekaritatea eta hemen erabakitzeko eskubidea agenda politikoan kokatzea” lortu zuten greba orokorraren deialdiarekin.
Hemengo Lanbidearteko Gutxieneko Soldata aldarrikatzea da ELAren estrategiaren “oinarrizko puntua”, eta Maiatzaren Lehenean eskari hori “ozenago” egin nahi die patronalei, gobernuei eta alderdi politikoei: “Lehendakariak iniziatiba hartu behar du, Confebask zuzenean interpelatzeko eta gobernu gisa 1.500eko gutxieneko erreferentzia bere egiteko”. Sindikatuaren idazkari nagusiak adierazi du erabakigunea zenbat eta gertuago egon, neurri politikoak “are justuagoak” izango direla, eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa lortuta, “gero eta nabariagoa” den beste printzipio bat frogatuko dela, Euskal Herriaren burujabetza “areagotu” beharra, alegia: “Langile-klase bakar baina anitzaren defentsa, antirrazista, transfeminista, euskaltzalea eta ekosozialista egiten dugu, eta gaur, inoiz baino areago, antifaxista”. Sindikatuaren ordezkarien iritziz, eskuina eta eskuin muturra Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren kontra agertzeak agerian uzten du faxismoa gora doanean, “soldaten aldeko borroka, definizioz, ekintza antifaxista dela”. Testuinguru horretan, Confebask euskal gizartetik “gero eta urrutiago” ikusten dute: “Argi dago non dagoen Confebasken posizioa; industria militarraren alde eta edozein printzipio etikoen gainetik, ekonomiaren interesak defendatzen ari da”.