Nerea Loiolak irabazi du Peru Abarka lehiaketa, 'Gramo bat' lanagaz
29 lan aurkeztu dira, eta epaimahaiak "aho batez" aukeratu du 'Gramo bat' lana. Orain, martxan da ilustratzaileek euren lanak aurkezteko fasea: ekainaren 26ra arte izango dute epea zabalik.
Nerea Loiola Pikaza da aurtengo Peru Abarka lehiaketaren irabazlea. Debako idazleak “Gramo bat” lana aurkeztu zuen otsailean, eta epaimahaiak aho batez erabaki du Peru Abarka lehaiketako saria berari ematea. “Feminismoaren baitan bolo- bolo ibili ohi den gai bat” izan du hizpide Nerea Loiolak bere lanean, eta horri buruz aritzeko protagonistaren esperientzietan jarri du begirada.
Narrazioaren forma epaimahaiaren arreta bereganatu duen ezaugarrietako bat da, izan ere, kontakizunaren denborekin jolasten du idazleak, orainaldia, lehenaldia eta etorkizuneko denborak uztartuz: “Narratzaileak denboran jauziak egiten ditu kontakizunaren unearen arabera, eta, horretarako, aditz-denbora eta pertsona baliatzen ditu batik bat”. Hala, lan honen indargunea kontatzeko moduan dagoela azpimarratu du epaimahaiak. Nabarmentzekoak diren beste zenbait kontu ere baditu idazlanak, azalpen mediko-zientifikoak puntuz puntu ematen ditu ohikoa ez den formatu baten, “baliabide estilistiko berri baten erabilera eginez”.
Uzta handiko urtea izan da aurtengoa Peru Abarka album lehiaketarentzat. 29 lan jaso dituzte, eta beste behin, idazle hasiberri zein eskarmentu handikoentzako plaza izan da. Epaimahaiak urte hauetan denetarik egon dela azpimarratu du, “oso jende ezezaguna, bere lehen lanarekin irabazi duena; edo aurtengo irabazlearen kasuan, Nerea Loiolarenean, hain zuzen, ibilbide literario garrantzitsu bat duena”.
Idazle irabazlea argitaratu ostean, antolakuntzak martxan jarri du ilustratzaileen fasea. Bigarren zati honetan, narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratuko du epaimahaiak. Hau abian jartzeko, ilustratzaileek egin beharreko lanaren oinarriak argitaratu dituzte. Parte-hartzea zabalik egongo da 18 urtetik gorako norbanako guztientzako. Hala, interesdunek, Markina-Xemeingo Udaleko webgunean eta Peru Abarka Album Lehiaketaren webgunean izango dituzte eskuragarri aurkeztu beharreko lanen oinarriak.
Ilustratzaileen ekainaren 26ra arte izango dute zabalik euren lanak aurkezteko epea. Antolakuntza zuzenean jarriko da harremanetan hautatutako ilustratzailearekin, eta hortik aurrera, amaitutako lana irailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dio Markina-Xemeingo Udalari.