"Metalagaz Euskal Herrian dagoen hutsune bat bete dugu"
Taldearen estiloa zehaztu duen lehen lana sortu dute Ibai Zabala lekeitiarrak eta Amets Arrazola eta Ibon Juaristi markina xemeindarrek. 'Esan nahizune... eztoste' diskoa argitaratu dute, eta, orain, metal generoari bidea zabaltzera dator Beretter taldea.
Hardcore, deathcore eta techno ukituak antzeman daitezke Beretter taldearen musika proiektuan. Metal modernoaren ordezkari bihurtzen ari dira eskualdean, soinu esperimentalei, guturalei, kantu melodikoei eta zuzenekoetan lagun duten Txuatx DJari euren proiektuaren baitan tokia eginez.
Zelan sortu zenuten Beretter?
Ibon Juaristi: Umetatik izan gara metal modernoaren oso zaleak. Hirurok elkarbanatzen dugun ametsa izan da betidanik gure proiektua sortzea eta zuzentzea, beraz, taldea 2025ean sortu genuen. Eskualdeko jendea gara, eta genero honetan mugitzen garenok elkar ezagutzen gara.
Ibai Zabala: Nahiz eta eskualdean jende gutxi izan, hirurok partekatzen ditugu musika arloko gustuak. Metalcore eta deathcore estiloetan mugitzen ginen, eta horrek Resurrection Fest jaialdian elkar ezagutzera eraman gintuen. Bertan sortu zen proiektua sortzeko ideia.
Amets Arrazola: Ibon eta biok lehendik ezagutzen ginen, eta talde bat sortzeko abeslari bila genbiltzan.

Beretter taldeko Ibai Zabala, Amets Arrazola eta Ibon Juaristi.Beretter Taldea
«Esan nahizune… eztosta» izeneko EP bat argitaratu duzue. Zer sortu duzue?
I.J.: Barnera begira sortutako letrak dira osotasunean. Horiek dira nik kontsumitu izan ditudan letra motak; erreferente ditugun Korn, Slipknot edo Sepultura taldeek egin duten bezala. Uste dut zeure buruari buruz idatziko duzula beste edozeri buruz baino hobeto, eta benetan gordina dena zuri buruz idazten duzun hori izango da. Diskoaren izenburuak ere ildo hori jarraitzen du; jendeak musika genero honekiko duen iritziari erantzuten dio nolabait. Jende askori atzerakada sorrarazten dio metalak, eta ulertzen ez den genero bat da. Izenburu hau guzti horiei emandako erantzuna da.
I.Z.: Publikoak entzun nahi duen hori sortu beharrean, beti sortu izan dugu gure barrenak astintzen dituen zer edo zer. Hori askotan, eztator bat publikoaren gustuekin. Egia da gure musika generoagaz bat datozen letrak direla. Hardcore eta punkak ikuspuntu politiko bat izaten du sarri. Metala, aldiz, norberaren barne gatazka eta alde emozionaletik sortu izan da. Gure kantetan nagusi diren garrasiek, beraz, alde emozional hori azaleratzen dute.
Ibai Zabala: “Beti sortu izan dugu gure barrenak astintzen dituen zeozer. Hori askotan, ez dator bat publikoaren gustuekin”.
Gaur egungo euskal eszena musikalean sortzen diren taldeen estilotik aldendu zarete.
I.J.: Genero honetako talde bat sortzea bera aldarrikapen bat dela uste dut. Badakigu jende askori ez zaiola gustatuko, hala ere, musika mota hau egiten dugu, guturalekin eta soinu indartsuekin. Zentzu batean, ulertzen ez den genero bat da, erreferenteak falta izan direlako. Egia da landu beharreko gustu bat dela, ez da erraza rock pop estiloko kantak entzutetik Beretterren guturalak entzutera pasatzea.
I.Z.: Uste dut deathcore eta hardcore ikutu batzuekin, metal ildotik jo dugu asko. Punkak, adibidez, gordintasuna eskatzen du, hala ere, deathcoreak soinu produzitu bat izatea eskatzen du. Euskal Herrian badaude metalcore taldeak, baian egia da euskal eszenatik kanpo daudela, izan ere, hemendik kanpo ematen dituzte kontzertuak. Euskal entzuleen artean, uste dugu musika oso genero gutxitara murriztuta geratu dela. Genero honegaz Euskal Herrian dagoen hutsune bat bete dugu.
Metala aldarri sendoak egiteko tresna da zuentzat, ezta?
I.Z.: Metalaren hasieretan, mitologia nordikoari buruz hitz egiten zen. Gero, trash metalagaz, aldarri sozialak egiten hasi ziren. Gure erreferenteen ildo beretik sortzen dugu, norberaren alde emozionaletik, hain zuzen ere.
I.J.: Hala da. Gure erreferente handienak, 2000ko hamarkadan etorri zen emo olatu horretako taldeak dira. Horregaz hasi gara hirurok, hamarkada horretako metal modernoagaz: Bring Me The Horizon, Asking Alexandria edo Bullet For My Valentine taldeak entzuten hazi gara.
Erritmo arinetatik aldendu eta Slipknot taldearen Vermilion Pt.2 kantaren bertsio bat egin duzue.
I.J.: Slipknot nire bizitzako taldeetako bat da. Niretzat, egin duten guztia oso ona da. Vermilion Pt.2 oso kanta berezia da hirurontzat, eta diskoari arnasgune bat eman nahi genion kantu gozoago bategaz. Metal taldeek sortutako kanta asko daude publiko orokorrari asko gustatu ahal zaizkionak, hala eta guztiz ere, metalaren zakuan daudenez, ez dira eurengana heltzen.
I.Z.: Marketing ikuspuntu batetik ere sortu genuen. Belarria metalera egin behar da, eta muturreko soinuak diskoan nagusi badira ere, kantu melodiko hori ere metala dela erakusteko balio du. Zubi modura ere balio du, jendea kantu honetatik gainerako kantetara eramateko.
Ibon Juaristi: “Uste dugu genero honetako talde bat sortzea bera aldarrikapen bat dela”.
Elizpe Rocken jo duzue, ze erantzun dauka jendeak eskualdean?
I.Z.: Elizpe Rockera jende asko hurbiltzen da urtez urte. Publikoko lehen lerroan geure lagunak zeuden, eta eman ziguten feedbacka itzela izan zen. Hala ere, gure lagunak ez diren publikora ere heldu nahi dugu, baina oraindik ez dugu lortu jendea dantzatzen jartzea.
A.A.: Lagun eta familiarteko asko etorri ziren, baina gure generoak ez du euskal eszenan bere tokia. Hala ere, oso ondo pasatu genuen.
Etorkizunera begira, Beretter taldeak jarraituko al du musika sortzen?
I.Z.: Bai. Sortzen jarraitzeko eta zuzenean jotzeko gogo handia daukagu. Gainera, publiko handirik ez daukagunez, ez diogu publikoari ezer zor, eta askatasun handia daukagu gure generoan mugitzeko, eta nahi izanez gero, technoa ere geure egiteko.
I.J.: Musika egiten jarraituko dugu. Lehen EPa atera dugu, eta orain proiektua lasaitasun handiagoz hartzen ari gara. Gure estiloa markatu dugu, orain, estilo horretatik jarraitu eta gustatzen zaiguna egiten jarraituko dugu.
