Aldundiak "segurtasunez" berrartuko ditu irailean Markina-Xemeingo saihesbideko lanak
Saihesbideko lanak aldi baterako eten behar izan dituzte aurrez ezagutzen ez zuten egoera geologikoa dela eta. Carlos Alzaga azpiegituretako eta lurralde garapenerako saileko foru diputatuak egoera honen aurrean hartutako neurriei buruzko azalpenak eman zituen atzo [ekainak 30].
Saihesbideko obrak bisitatu zituzten Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkateak, Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak eta Carlos Alzaga Azpiegituretako foru diputatuak, iaz. Bizkaiko Foru Aldundiak 2026ko hasierarako aurreikusi zuen Markina-Xemein eta Etxebarria lotuko zituen saihesbideko lanen amaiera. 2025eko irailean, hainbat arrazoigatik lanak atzeratu egingo zirela iragarri zuten; langileen segurtasuna zorroztu zuten, bi udalerriak batuko dituen bidegorria proiektura gehitu zuten eta arkeologia aztarnak aurkitu zituzten. Aldaketak kontuan hartuta, obrak 2026ko amaierarako amaituko zirela aurreikusi zuten. Carlos Alzaga azpiegituretako eta lurralde garapenerako saileko foru diputatuak atzo [ekainak 30] adierazi zuenez, irailean berrekin beharko dituzte lanak.
Lur mugimenduak antzeman zituzten tunela zulatzeko lanetan. Carlos Alzagak adierazi zuenez, lekuko materialak “heterogenekoak” dira, eta kalitate baxuko harriak eta haustura tektonikoak aurkitu dituzte. Joan den martxoaren 13an lanak eten behar izan zituzten, besteak beste, Iparragirren dagoen edateko uraren tratamendurako estazioan izandako ezusteko bategatik: lur mugimendu batek estazioko eraikineko ertz batean “zentimetro batzuetako desplazamendua” eragin zuen. Azkenean, lurrak egonkortzea lortu zutela adierazi zuen, eta estazioak eragindako kaltea “estetikoa” baino ez zela argitu. Horretaz gain, tunelaren Etxebarriko aldean luizi bat izan zen, gainazalerainoko zulo bat sortu zuena, eta gaur gaurkoz, konpontzen ari direna.
Lanak eten zirenetik, sei hilabeteko tartea izan dute, gehienez, datu berriak batu eta aurrerantzean egingo diren eragiketen segurtasuna bermatuko duen geologia-eredu zehaztu bat osatzeko. Modu horretan, irailean lanekin “segurtasunez” eta jarraitzeko asmoa erakutsi zuen Carlos Alzagak, eta adierazi du orduan iragarriko dituztela egutegi eta aurrekontu berriak.