Hamaika Telebistak Gasteizko egoitza itxi du
Egoera ekonomikoak behartutako erabakia izan dela adierazi dute. Egoitzaren itxierak ez badu proiektuaren amaiera ekarriko ere, euskarazko komunikazio sistemak dituen ahulgune estrukturalen erakusgarri dela salatu dute.
Gaur itxi du Hamaika Telebistak Gasteizen duen egoitza. “Erabaki mingarri” honen atzean arrazoi ekonomikoak daudela iragarri du telebistak, hala ere, euskarazko komunikazio proiektuagaz “aurrera jarraitzeko konpromisoa” erakutsi du.
“Araban presentzia fisikoa izatea erabaki estrategikoa” izan da Hamaika Telebistarentzat. Euskararen normalizazioaren, lurralde orekaren eta arabako errealitatea gertutik ezagutzearen aldeko apustua egin du telebistak azken urteetan, hala ere, “egungo egoera ekonomikoak neurri hau hartzera behartu” du. Hedabideak argi adierazi du proiektua ez dela hemen geldituko, eta berretsi egin dute “euskarazko ikus-entzunezko komunikazio-proiektu gisa lanean jarraitzeko dugun konpromisoa”.
Hala ere, telebistak ezin izan du “ezkutatu” gertatutakoak eragindako kezka. Euskal komunikazio-sistemaren osasuna mintzagai izan dute, eta egoitzaren itxiera horren “ahulgune estrukturalaren erakusgarri” dela salatu dute: “Azken urteotan hainbat euskal hedabidek jarduera murriztu behar izan dute edo desagertu egin dira, eta beste proiektu askok egoera ekonomiko zaila bizi dute”. Hala, adierazi dute Hamaika Telebistari gertatutakoa ez dela salbuespena.
Komunikazioaren sektorea “eraldaketa sakonean murgilduta” dagoela azaldu dute; kontsumo ohiturak aldatu direla, plataforma digitalak nagusitu direla eta publizitatea nazioarteko eragileen esku geratu dela. Guzti horrek “erronkak gehitu” dizkio sektoreari, eta euskarazko hedabideak “etengabe berritu” beharra dute, “baliabide ekonomiko oso mugatuekin“.
Hamaika Telebistak adierazi du beharrezkoa dela gogoratzea “euskal hedabideen balioa ezin dela bakarrik irizpide ekonomikoen arabera neurtu“. Adierazi dutenez, euskarazko komunikabideek funtsezko ekarpena egiten diote hizkuntzaren normalizazioari, eta beharrezkoak direla euskararen erabilera-eremuak sortzeko eta “informazioa, entretenimendua, kultura eta eztabaida publikoa euskaraz jasotzeko”.
“Hizkuntza bat ez da bizirik mantentzen hezkuntzaren bidez bakarrik; eguneroko erabilerarako espazioak ere behar ditu, eta hedabideok espazio horiek sortzen ditugu egunero”.
Era honetan, euskal hedabideen “balio demokratikoa” aldarrikatu dute: “Tokiko errealitatea lantzen dute, gertuko eragileei ahotsa ematen diete eta herritarren kezkei arreta eskaintzen diete”. Aldarrikatu dutenez, euskal hedabideeak ez dira “komunikazio enpresa hutsak”, herri honen “azpiegitura sozial, kultural eta linguistikoaren parte” dira. Horregaz batera, Hamaka Telebistak euskal komunikabideek euskeraren alde egiten duten lanaren garrantzia gogorarazi nahi du: “Hizkuntza bat ez da bizirik mantentzen hezkuntzaren bidez bakarrik; eguneroko erabilerarako espazioak ere behar ditu, eta hedabideok espazio horiek sortzen ditugu egunero”.
Euskararen etorkizunaren eta euskarazko komunikazio-sistema sendo baten existentziaren arteko harreman zuzena sainalatu du Hamaika Telebistak. Hala, gertatutakoagaz, “hausnarketa partekatu” batera bultzatu nahi ditu gizartea eta erakunde publikoak: “Zenbateko garrantzia ematen diogu euskaraz informatzeko eta gure errealitatea euskaratik kontatzeko dugun gaitasunari? Galdera horri emango diogun erantzunak baldintzatuko du neurri handi batean etorkizuneko euskal hedabideen eta euskararen beraren osasuna”.
Hamaika telebistak, beraz, euskarazko komunikazioaren alde lanean jarraituko duela adierazi du, gertuko informazioaren alde eta herri honen ikuspegitik eraikitako komunikazio esparru baten alde: “Euskal hedabideak ez dira gastu bat; herri gisa egiten dugun inbertsio estrategiko bat dira”.