Esklerosi anizkoitza duten pertsonei laguntzeko bainua hartuko du Lea-Artibaik
Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen 'Busti Zaitez' esklerosi anizkoitza duten pertsonen aldeko kanpainaren hogeitabederatzigarren aldia ospatuko dute domekan.
Domekan (uztailak 5), ADEMBIk antolatuta, esklerosi anizkoitza duten pertsonen aldeko kanpainaren hogeitabederatzigarren aldia ospatuko dute Bizkaiko hainbat herritan; tartean, Lea-Artibain. Busti Zaitez kanpainaren helburu nagusia gaixotasun neurologikoa ikusaraztea eta herritarren elkartasunerako deia egitea dela azpimarratuz, herritarrak ekimenarekin bat egitera animatuko dituzte Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen, besteak beste.
Euskal Autonomi Erkidegoan 2.800 pertsona baino gehiagori eragiten dio esklerosi anizkoitzak; estatu osoan, aldiz, 55.000 pertsonari, eta hori ezagutzera emateaz gain, horren aldeko parte-hartzea indartzea, herritar guztiak gaixotasunaren inguruan sentsibilizatzea eta errehabilitaziora nahiz arreta espezializatura bideratutako dirua biltzearen alde jarduteko bilduko dira han eta hemen.
Antolatzaileek ekimenaren garrantzia nabarmendu dute, beregain: “Ekimen honek aukera ematen digu gaixotasunari ikusgarritasuna emateko, esklerosi anizkoitzari aurpegiak jartzeko eta bizipenak eta esperientziak partekatzeko, beti ere giro ludiko eta dibertigarri batean. Bai benetan bustitzen garenontzat, bai egun horretan gurekin daudenentzat”.
Ildo horri jarraituz, herritarrak ekimena garatuko den igerileku edo hondartza desberdinetara joan daitezen eskatu dute ADEMBItik, esklerosi anizkoitza duten pertsonei laguntzeko bainu bat hartu edo igeri egin dezaten. Horrez gain, postu desberdinak ere jarriko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek, informazio gehigarria eta arropa desberdinak erosteko aukera emanez, batik bat.
Hala nola, hainbat hitzordu zehaztu dituzte eskualdean, domekarako: Lekeition hondartzan bilduko dira, Markina-Xemeinen, berriz, kiroldegian, eta azkenik, Ondarroan, Fraiko Zubiaren ondoan jarri dute hitzordua.
Laguntzeko moduak
Domekan hitzorduetara bertaratzeko aukerarik ez dutenek ere esklerosi anizkoitzaren alde aletxoa jartzeko aukera anitzak daudela argitu dute, bestalde, antolatzaileek. Online denda solidarioko arropak erosiz, babesle gisa identifikatuz, dohaintzen bidez edota boluntario eginez lagundu dezake nahi duenak gaixotasunari ikusgarritasuna emateko jardun horretan, hain zuzen. Interesa dutenek informazio gehiago lor dezakete Busti Zaitez-en webgunean.