Eskualdeko rally arinenak lehiatuko dira San Miguel Rallysprintean
Erlojupekoan lehiatuko diren 56 taldeen artean, Lea-Artibaiko 30 parte hartzaile egongo dira zapatuan [uztailak 4].
Elgoibarko Udaletxearen aurrean egin zuten rallysprintaren aurkezpena.EME Automobilismo Kirol Kluba EME Automobilismo Kirol Klubak Etxebarrian amaituko den XVIII. San Miguel Rallysprinta antoaltu du zapaturako [uztailak 4]. Emakumeak Automobilismoan taldeak sortutako eskuderia da EME eta aurten hirugarren urtez hartu dute lasterketa antolatzeko ardura.
Erlojupean egin beharko duten lasterketa Elgoibarren hasi eta Etxebarrian amaituko da, eta pilotuek hiru aldiz egingo dute ibilbidea, guztira, 94,65 kilometro eginez. Aurreko urteetan bezala, asistentzia eremua Etxebarriko Galartza industriagunean kokatu dute. Zapatu goizean lehian murgilduko diren rallyak ikusteko aukera izango dute zaleek, izan ere, Markina-Xemeingo udal arraindegiaren aurrean egingo dituzte lasterketa aurreko egiaztapen teknikoak. Egiaztapenak egin ondoren, Abesua kalean jarriko duten parke itxian egongo dira rallyak. Irteteko baimena jaso duten rallyen aurkezpena egin ostean, 11:40ean irtengo dira rallyak Elgoibarrerantz. Herriko Foruen Plazan batu ostean, 13:00etan egingo du irteera lehen autoak, erlojupekoari hasiera emanez. Etxebarrian egongo da helmuga, eta bertan, 19:00ak inguruan ekingo diote sari banaketari.
Bide mozketaren berri ere eman dute, 12:0etatik aurrera auto pribatuek Eibar-Ixuatik egin beharko dute desbideratzea.
56 taldek eman dute izena Elgoibar eta Etxebarria batuko dituen San Miguelgo rallysprintean parte hartzeko. Lea-Artibain motor hotsek eta abiadurak sortzen duten zaletasuna agerian geratuko da zapatuan, izan ere, 30 dira lehian ariko diren pilotu eta kopilotuak. Mirari Arruti markina-xemeindarra eta Monika Muñoz izango dira aurten pilotu lanetan ariko diren emakumeak. Duela bi urte egin zuen Arrutik debuta, eta orain 2014an Kastinparro Racing eskuderiagaz kopilotu bezala irabazi zuen lasterketa errepikatzera dator Leire Urbieta kopilotuagaz. Debutekin jarraituz, Aiora Urbietak eta Oroitz Sanchez markina-xemeindarrak lehen aldiz egingo dituzte zapatuan kopilotu lanak.
Etxebarriko Kasinparro Racing eskuderiako Alain Altzibar pilotuak Urko Pagoaga izango du kopilotu lanetan Renault Clio Maxi ezagunaren barruan. Aitor Saizar Alain Aguirregaz ariko da Peugeot 208 VTIagaz lasterketako denbora onena egiteko lehian, eta bide berean ariko dira Gorka Antxustegi eta Jon Arrazola, Mikel Gandiaga eta Gorka Badiola, Moises Uriarte eta Maria Nieto, Josu Mate eta Eneko Loyarte, Gaizka Guenaga eta Garbiñe Ostolaza, Jon Urzuriaga eta Bernat Iraolagoitia, Edu eta Araia Gartzia-Salazar, eta Iban Agirregomezkorta eta Kaiet Bereziartua.