Giro ona, sanmartinetako osagai nagusia
Kuadrillak paella janean batu dira gaur [uztailak 4], frontoiaren babesean. Jasekue kuadrillarena izan da goxoena epaimahaikideen iritziz.
San Martin Eguneko paella jana San Martin Eguneko otzara osagai bereziz bete dute gaurkoan [uztailak 4]. Kuadrillek jarri diote egunari “piper eta gatza” eta jaiez gozatzeko ezinbestekoa den osagaia: giro onetan onena, lagunartekoa.
https://www.youtube.com/shorts/GK3_HAaKU7g
Atzo gaueko kontzertuak atzean lagata, 10:30ak orduko bildu dira gaur frontoian, bazkaritarako mahaiak eta aulkiak ipintzeko. Ohi legez, jende asko elkartu da eta, horrela, azkar amaitu dute zeregina. Auzolanaren indarra agerian geratu da beste behin ere Amoroton.
12:30erako zeukaten kuadrillek ordua jarrita frontoira joan eta paellak sukaldatzen hasteko, eta minutu gutxi batzuk geroago, usain goxoz bete dira frontoiaren inguruak. Paella sariketa irabazteko faboritoa argi zeukaten batzuek, azken zein geratuko zen ere bai beste batzuek, aurrekariak ikusita, baina, ez batzuek ez besteek ez dute asmatu oraingoan.
Epaimahaikideen iritzian, 10 zenbakidun paella izan da goxoena. 106 puntu jaso ditu. Egileek, Jasekue kuadrillakoek ezustean hartu dute erabakia, eta pozik, noski. Bigarren sailkatuak 2 zenbakidun paella egin dutenak izan dira, Geure bolara kuadrillakoak. 75 puntu bildu dituzte. Hirugarren sailkatuak Gatzik Bakuk izan dira; azken urteetan emaitza kaxkarragoa lortuta, pozarren jaso dute aipamena.
Bihar [uztailak 5] herriko nagusien eguna izango da. Frontoian bazkaria egingo dute, eta bazkalostea mus eta briska txapelketek girotuko dute.