Ane Urrestik txapela jantzi du Gipuzkoako Txinga Eroate Txapelketan
Mutriku Sokatira Taldeko kirolari ondarrutarrak indar erakustaldia egin zuen domekan [uztailak 5], Aian.
Aiako Andartza auzoak hartu zituen joan den domekan [uztailak 5] Emakumeen Gipuzkoako Harri Txikien eta Gipuzkoako Txinga Eroate txapelketak. Txingetan, Ane Urresti ondarrutarrak garaipen argia lortu zuen 25 plaza, zinta erdi eta 0,25 metro eginda. Mutriku Sokatira Taldean kide duen Jone Uria eibartarra ere izan zen lehian, eta 13 plaza eta 0,94 metro eginda, bigarren postua lortu zuen txinga txapelketan.
Sokatira taldeko kideak domekako ikuskizunaren parte izan ziren Andatzako frontoian. Unai Goitia aulestiarrak eta Ugaitz Orbegozo mutrikuarrak ingudeagaz egin zuten erakustaldia, eta Jabi Urrestik txigetan erakutsi zituen bere gaitasunak. Uriak, gainera, Aiako Elkano auzoan ere indar erakusketa egin zuen domeka goizean, ingude txapelketa jokatu eta bigarren postua eskuratu baitzuen.