Erkiaga-Atain eta Elaia-Arai, Karmen Eguneko final handian
Lehen finalistak ezagututa, zapatuan [uztailak 10] erabakiko dira bigarrenak Markina-Xemeingo Uni frontoian.
Atain eta Erkiaga sailkatu dira final handira.Eraman Jai Alai Karmen Eguneko final handirako lehen finalistak erabakita geratu ziren joan den zapatuan [uztailak 4]. Atainen partida goraipatu dute frontoia bete zuten zaleek, izan ere, Erkiagagaz batera egindako joko paregabeagaz, Karmen Eguneko final handirako pasea lortu zuten. Alex Goitia eta Basqueren aurkako norgehiagokoa 0-5 hasi zuten, hala ere, partidari buelta eman eta markagailua 8-6ra jartzea lortu zuten Goitiak eta Basquek. 10 tantora berdindu zuten partida, hala ere, Erkiagak 13garren tantoa egin eta Atainen esku utzi zuen 15garrena egiteko ardura. Bigarren setean ez zen maila inola ere jaitsi. 14-14 tantotan jarri zuten markagailua, eta oraingoan, Goitia eta Basque izan ziren garaile. Hirugarren setera eraman zituen bigarrenak, eta partida zorrotz baten ostean, ispastertarrak eta markina-xemeindarrak osatutako bikotea izan zen garaile. Hala, Erkiagak eta Atainek euren lekua lortu dute Karmen Eguneko final handian. Orain, finaleko bigarren lekua lortzeko lehian ariko dira Urresti-Gorka eta Txanika-Salegi.
Emakumeen finalerdian, Elaia Gojenolak eta Arai Lejardik Erika Mugartegi eta Frida Watkins Winter Serieseko irabazleen aurka lortu zuten Karmen Eguneko finalen jokatzeko garaipena. 2-0 hasi ziren irabazten Gojenola eta Lejardi, eta tantoz tanto heldu ziren 10-5era. Mugartegik ahalegin handiak egin zituen aldea txikitzeko, hala ere, 13-10 jarri zuten markagailua, baina egindako tantoak ez ziren emaitza iraultzeko nahikoak izan. 5-3 hasi zuten bigarren seta, hala ere, Erika eta Frida markagailuari buelta emateko gai izan ziren (5-6). Hamarna tanto egin zituztenean, Gojenolak eta Lejardik gehiago asmatu zuten, eta berriatuarra izan zen azken tantoa egiteko arduraduna. Uztailaren 16ko finalean lekua lortuta, aurkariak ezagutzea falta zaio bikoteari: Lur Lejardi eta Alize Arriaga markina-xemeindarrak edo Helena Barrenetxea durangarra eta Maia Goikoetxea berriatuarra.

Elaia Gojenola eta Arai Lejardi, finalera.Eraman Jai Alai