Ligan murgilduta, zortzigarren eta hamaikagarren postuetan daude Ondarroa eta Lekeitio
Lehia bizian aritu dira joan den asteburuan [uztailak 4 eta 5] eskualdeko traineruak. Domekan [uztailak 12] Lekeition egongo da KEA 2 eta ETE ligetako taldeen lehia ikusteko aukera.
Antiguako Ama, Bilboko uretan.Bermeo Arraun Argazkiak Bilbon eta Zierbenan jokatu zituzten joan den asteburuan Eusko Label Ligako bigarren eta hirugarren jardunaldiak. Bermeo-Urdaibaik eskuratu zuen zapatuan XVII. Bilboko Bandera, lau luzeak eta hiru ziabogak jardunaldiko markarik onenagaz osatu ostean (19.56,20). Lau segundo gehiago behar izan zituen Oriok hiru milietako erlojupekoan, bigarren postua lortuz. Hirugarren postua Zierbenak eskuratu zuen, 20.02,96ko denboragaz. Bigarren txandan lehiatu zen Ondarroa, eta 20.28,58ko denboragaz, txandako bigarren onenak izan ziren, Getariaren atzetik. Lekittarrak lehen txandako denbora onena egin zuen zapatuan, 20.45,48ko denboragaz.

Lekittarra, Bilbon.Bermeo Arraun Argazkiak
Domekan Oriok lehen postua berreskuratu eta berena egin zuen 43. Petronor Bandera. Aurreikuspenek Bou Bizkaia bigarren postuan jarri bazuten ere, Getariak eman zuen jardunaldiko sorpresa. Bigarren txandako traineruak 20.13,86ko marka egin eta Bermeo-Urdaibairen 20.21,40ko denbora gaindituta, estropadako bigarren postua eskuratu zuen. Isuntzako arraunlariek hamargarren postua lortu zuten Zierbenan, 20.42,00ko denboragaz; ondarrutarrak zapatuko markatik urrun geratu (20.49,32) eta lekeitiarrak baino postu bat beherago amaitu zuten jardunaldia.
Asteburuak emandakoa ikusita, agerian geratu da ligak Orio eta Bermeo-Urdaibairen arteko lehia bizia eskainiko duela datozen jardunaldietan. 12 puntu gehitu zituen Bermeok zapatuan sailkapenera, eta beste horrenbeste gehitu zituen Oriok domekan. Hala, 35 puntugaz lehen postua mantentzen ari da Orio, hala ere, Bou Bizkaia hurbiltzen ari zaio, 31 puntugaz. Asteburuan lotutako 9 puntuekin, Antiguako Ama sailkapeneko zortzigarren postuan mantentzea lortu dute ondarrutarrek. Lekittarra egonkor mantentzen da lehen txandan, eta asteburuan lortutako zazpi puntuekin, hamaikagarren postuan dago sailkapen orokorrean.

Bermeo-Urdaibaik astindu zuen Bilboko bandera.Bermeo Arraun Argazkiak
KAE 2 Ligari dagokionez, II. Bilboko Promozio Bandera jokatu zuten Bizkaiko hiriburuan. Hiru miliak erlojupean egin zitzuten zortzi traineruek, eta aurreko jardunaldietakoari jarraituz, Castrok erakutsi zuen nagusitasuna 20.39,97ko denboragaz. Sailkapen orokorrean hurbiletik jarraitzen du Camargok, eta postua mantentzea lortu zuen bigarren geratuz. Mutrikuk seigarren postua lortu zuen erlojupekoan 21.42,44ko denboragaz, eta postu bat gorago izan zuen Busturialdea (21.32,41). Hala, Castro eta Camargoren arteko norgehiagokoa agerian geratzen da sailkapen orokorrean, 31 eta 29 puntugaz, hurrenez hurren. Mutriku 9. postuan dago, asteburuak emandakoagaz, 11 puntu batuz.

Mutrikuarrak Bilboko uretan.Bermeo Arraun Argazkiak
ETE Ligan I. Gesalga Okelan Bandera lehiatu zuten domekan Zarautzen. Hondarribia nagusitu da ligako laugarren estropadan (11.09,66), eta Zarautzek eskuratu zuen bigarren postua bost segundo gehiagogaz. Ondarrutarrek laugarren egin zuten domekan 11.23,73ko denboragaz, eta Isuntzak 11.49,01 denboragaz eskuratu zuen seigarrena. Sailkapen orokorrari begira, Hondarribia eta Zarautz 30 puntugaz daude berdinduta. Ondarroa 17 puntugaz dago bosgarren postuan, eta sailkapeneko seigarren postua Isuntzarena da, 10 puntugaz.
Euskotren Ligan Arraun Lagunakek indar erakustaldia egin du asteburuko jardunaldi bietan. Bilbon 10.49,72ko denboragaz eskuratu zuten VIII. Bilboko Bandera, eta X. Petronor bandera eskuratu zuten Zierbenan, 10.48,02ko denboaragaz. Hala, 24 puntugaz mantentzen dute donostiarrek sailkapen orokorreko lehen postua, Tolosaldea 6 puntu atzetik duela.
Aurrera doaz ligak, eta datorren asteburuan ere kantauri itsasoko arraunlari onenak hurbil hurbiletik ikusteko aukera izango dute zaleek; ETE eta KEA 2 Ligak Lekeitiora datoz domekan [uztailak 12].
- Uztailak 11, zapatua. Castro Urdiales.
- Eusko Label Liga: XIV. Caixabank Bandera
- Euskotren Liga: X. Caixabank Bandera.
- Uztailak 11, zapatua. Camargo.
- KAE 2 Liga: 34. Ayuntamiento de Camargo Bandera.
- ETE Liga: V. Ayuntamiento de Camargo Bandera.
- Uztailak 12, domeka. Orio.
- Eusko Label Liga: Orioko 36. Estropada.
- Euskotren Liga: Orioko 27. Estropada.
- Uztailak 12, domeka. Lekeitio.
- KAE 2 Liga: II. Burdinola Safer Labs Bandera.
- ETE Liga: II. Burdinola Safer Labs Bandera.