Natura, harmonia eta poesia munduratzeko
Mikel Lertxundi artista berriatuarrak 'Natura Harmonia Poesia' erakusketa hirukoitza sortu du, eta Donostian egongo da ikusgai abuztuaren 29ra arte.
Mikel Lertxundiren 'Natura Harmonia Poesia' erakusketaren zati bat.Mikel Lertxundi Nazioarteko ibilbide luzea du Mikel Lertxundi artista berriatuarrak. Artea sortzen 50 urtetik gora ibili ondoren, artistak bere desiziplinartekotasuna argitara ekarriko du bere azken erakusketagaz. Eskulturez, pinturez eta argazkiz osatu du Natura Harmonia Poesia izeneko erakusketa hirukoitza; hiru formatutan, hiru lekutan ikusgai egongo dena.
Formatu txikiagaz hasi eta Ekain Arte Lanak galerian eskaini zuen erakusketaren lehen zatia. Material astunak eta sendoak moldatu eta arinak eta hauskorrak bibihurtu ditu artistak, “materiaz hustu ahala iradokizunez eta mezuz bete, kutun antzeko objektu preziatu bihurtzeraino”. Jarraian, San Bizente eliz atarian “neurri handiko lau eskulturak” jarri ditu Lertxundik; orekaren bilaketan egindako ariketak dira, eta kasu honetan, “lanen eskala handia deigarria da, begiradaz ez ezik gorputzez ere zeharkatzeko edo inguratzeko modukoak baitira. Eliz atariko erakusketa abuztuaren 23ra arte egongo da ikusgai bisitarien gozamenerako.
Ekimena borobiltzera dator Okendo Kultur Etxean jarritako erakusketa. Formatu ertaineko bilduma dakar bertara Lertxundik, eta 26 artelanek osatuko dute, diziplina aldetik, erakusketaren zatirik anitzena izango den hori. Bideo-eskultura, margolanak, marrazkiak eta argazkiak izango dira ikusgai, eta baita artistaren sormen prozesua erakusten duen bide bat ere, “artistaren sormen iturriak, lan prozesuak eta filosofia bertatik bertara ezagutzeko”.
Harria, egurra eta burdina landu ditu Lertxundik Okendoko erakusketan. Materiak hauek eta euren irudikapenak “elkarrizketan eta elkarreraginean aritzen dira, posizioaren, ordenaren eta konposizioaren koordenatuei erantzunez, oreka lortzeko eta bertatik sortzen den bizitza eta poesia transmititzeko helburuagaz”. Osagai desberdinak gorputz bakarrean batu ditu Lertxundik lan batzuetan; beste batzuetan, aldiz, hirukoteak osatu ditu, “bolumen hurbil baina independienteekin”: “(Des)materialializazio ariketak, (des)eraikitzeko egiturak eta ura, airea eta sua bezalako elemendu espazialekin elkar eragiteko proposamenak aurkezten dituzte”. Horren bitartez, berriatuarrak lan piktorikoz aberastu duen erakusketa dakar, “atmosfera eta espazialtasuna eta eskala eta magnitude desberdina erantsiz bolumenari”. Abuztuaren 29ra arte izango dute arte zaleek bertaratzeko aukera.
Berriatutik mundura. Naturagaz harreman estua du Mikel Lertxundik, eta harreman horretatik sortzen du. 1974an egin zuen bere lehen erakusketa, eta 1980an Parisen ekin zien bere arte ikasketa eta ibilbideari. Artegintzan hasi eta laster harria, egurra eta burdinaren mihiztadura ikertzen eta lantzen hasi zen, lengoaia berezia lortuz obra pertsonala eta aintzatetsia emango diona euskal arteari. 80ko hamarkadatik aurrera, ura, airea eta sua elementuak ere txertatzen ditu sormen-lerroetako batean.Bere artelanak Arte Ederren Bilboko Museoan, San Telmo Museoan, Kutxa Bilduman, Pforzheim-go udaletxean eta Florentziako Assessorato di Culturan daude, besteak beste. Horrez gain, obra publiko ugari du kokatuta han eta hemen.
Mikel Lertxundik eskultura publiko asko ditu han eta hemen kokatuta, eta naturan ere egin izan ditu hainbat esku-hartze artistiko, Markina-Xemeingo Txepetxabixe harrobian eta Urdaibaiko Paresi ermita inguruan, esaterako. Aulestiko Aisureta arte-natura gunea ere, berak sortua da. Artea jendearengana gerturatze horretan erakusketa garrantzitsuak eta entzutetsuak egin ditu haize zabalean, esaterako, Ziortzako monasterioko zelaietan 2006an eta Gueñesko Arenatzarte parkean 2009an. Azkena eta oihartzun handia jaso zuena Bilbo erdiguneko zenbait leku publiko ezagun eta esanguratsutan egin zuen, 2019an, hirian halako kale erakusketarik egin duen lehen euskal artista izanik eta oraingoz bakarra.