Igerilariz bete du itsasoa Elena Fernandez Iturrioz Memorialak
275 igerilari aritu dira Ondarroako 39. Itsas Zeharkaldiko bi distantzietan.
Elena Fernandez Iturriozen senideek banatu zitzuten sariak. Ondarru Igeri Taldea Ondarroako 39. Itsas Zeharkaldia hartu zuen Arrigorri hondartzak herenegun [uztailak 12]. Herriko, eskuadeko eta urrutiagotik etorritako igerilariak batu zituen Elena Fernandez Iturriozen memorialak, hala, 600 metrotako probak 49 gazte batu zituen; 1600 metrotakoak, aldiz, 232. Ondarroako igerilariek Astigarraga, Oñati, Azpeitia, Biarritz, Gasteiz, Ermua,Elagoibar, Getxo, Getaria, Zarautz, Bocau edo Lanzarotetik etorritako lehiakideak izan zituzten herriko uretan. Giro ona eta igeri egiteko eguraldi aparta izan zuten, gainera, olatu gutxiko jardunaldia izan zute partaideek.
Bi ibilbidek osatu zuten Ondarroan ezinbesteko bihurtu den kirol ekitaldia. 600 metroen lehia 10:30ean hasi zen Arrigorri hondartzatik, eta Izaro Flores Ruiz ondarrutarra (00.06,49) eta Xabat Beristain Garcia (00.06,28) izan ziren irabazleak. 1600 metroetako zeharkaldiak hiru irteera izan zituen, eta Elgoibarko Paula Calvo Villalobos (00.19,30) eta Asier Gomez ermuarra (00.18,50) izan ziren arinenak.

1600 metroetako bigarren irteera.Ondarru Igeri Taldea
Horien atzetik, zeharkaldi sinbolikoa egiten dute herriko haurrek. Aurten, 35 izan dira animatu diren umeak.
Aurten berrikuntza bategaz etorri da zeharkaldia. Kronometrajea elektronikoa izan zen, izan ere, parte hartzaileek orkatillan txipdun pultsera bategaz egin zuten igeri. Modu horretan, zuzenean ezagutu ahal izan zituzten bakoitzaren markak. Sariak Elena Fernandez Iturriozen senideek eta udal ordezkariek banatu zituzten, ekitaldia benetan berezi eginez.
Ondarru Igeri Taldea oso eskertuta agertu da “zeharkaldia egiteko ezinbesteko diren boluntario guztiekin eta laguntza eman duten herriko denda eta enpresekin”.

600 metroetako mutilen podiuma, udal ordezkariekin.Ondarru Igeri Taldea