Munitibarrek Parbo erreka inguruko baso autoktonoa berreskuratzeko birlandaketa egingo du
Zapatuan [uztailak 18] 09:30ean Gerrikaitzeko aparkalekuan batuko dira ekimenean parte hartuko duten herritarrak.
Munitibarren Parbo erreka inguruan baso autoktonoa berreskuratzeko birlandaketa proiektua jarri dute martxan, Munitibarko Udalaren ekimenez eta Tantai baso jabe kooperatibaren laguntzagaz.
Egitasmoaren helburua argia da: ingurunea lehengoratzea, biodibertsitatea sustatzea eta epe luzera karbonoa metatzeko baso egonkorra sortzea, etorkizunean moztuko ez dena. Herritarrak gonbidatu dituzte erreka bueltako birlandaketara bisita gidatua egitera. Zapatuan [uztailak 18] o9:30ean egingo da, Beasko baserri inguruko landaketan, eta geralekua Gerrikaitzeko aparkalekua izango da.
Azken hamarkadetan, Lea-Artibai eskualdeko beste udalerri askotan bezala, Munitibarren ere nabarmen aldatu da lurzoruaren erabilera. Abeltzaintza eta nekazaritzaren gainbeheraren ondorioz, lehengo larreak ziklo laburreko baso landaketek hartu dituzte, batez ere koniferoek eta eukaliptoek.
Landaketa mota horiek egur ekoizpenera bideratuta daude, eta aldizka mozten direnez, lehen urteetan karbono dioxidoa xurgatzeko gaitasun handia izan arren, metatutako karbonoaren zati handia atmosferara itzultzen da ustiapen zikloa amaitzean. Gainera, egurra ateratzeko beharrezkoa den mekanizazioak lurzoruaren higadura eta karbono galera areagotzen dituela azpimarratu dute.
Horren aurrean, Parbo erreka inguruko proiektuak ikuspegi ekologiko zabalagoa proposatzen du. Helburua ez da zuhaitzak bakarrik landatzea, baizik eta benetako baso ekosistema berreskuratzea. Horretarako, bertako zuhaitz, zuhaixka eta landaredi espezieak sustatuko dira, lurzoruagaz, ur sistemagaz eta bertako fauna eta mikroorganismoekin batera orekan garatuko den habitat bat osatzeko.
Egitasmoaren sustatzaileen esanetan, baso autoktonoek biodibertsitatea handitzen dute eta ekosistemen erresilientzia indartzen dute. Horrez gain, lurzoru emankorrak sortzen laguntzen dute, uraren zikloa hobetzen dute, higadura murrizten dute eta tenperatura nahiz hezetasuna erregulatzen dituzte. Aldi berean, karbonoa modu egonkorrean metatzeko gaitasun handiagoa daukate, klima aldaketaren aurkako tresna natural eraginkor bihurtuz. Birlandaketaren bidez, beraz, ingurumen onurez gain, natura, paisaia eta kultura ondarea berreskuratzea ere bilatzen da.