Sankristobalak, elkartu eta eguraldi beroari festagaz erantzuteko aitzaki
San Kristobal jaiak ospatu dituzte asteburuan Lea-Artibaiko hainbat herritan.
Uztaileko lehenengo jaiak joan dira dagoeneko, baina, penaz baino, gogotik bizi izan dituztenaren sentsazioagaz daude Lea-Artibaiko herritarrak. Barikuan hasita batzuk, asteburuan beste batzuk, munitibartarrek eta markina-xemeindarrek herri giroan ospatu dituzte sankristobalak.
Sankristonalen aitzakipean, korrikalariz bete zen herenegun Oiz mendia ere. Munitibartarrek ez dute San Kristobaletako hitzordua galdu nahi izaten eta, beste behin, «giro ona, sanoa eta jendetsua» izan zen protagonista. Azken urteetan bezala, Oiz ermitara igoera bertikalak ehunka lagun batu zituen Oizen. Antolakuntzatik korrikalarien ahalegin «ikusgarria» nabarmendu dute, proba «harrigarria» izan zela zehaztuz. Izan ere, eguraldi beroa izan arren, Oizko haizea «asko eskertu» zuten —50 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan ziren—: «Maila altua duen proba zein jaia da».
Emakumezkoetan Amaiur Etxeandia zornotzarrak lortu zuen garaipena, 13 minutu eta 10 segundoko denboragaz–; Ireder Angulo munitibartarra izan zen bigarrena —13 minutu eta 32 segundo — eta, Haizea Gerrikabeitia germika-lumotarra, berriz, hirugarrena, lanak Angulok baino hiru segundo motelago amaituta. Gizonezkoen podiumean, berriz, Gautegiz Arteagako bizilagun Oriol Cardona kataluniarrak lehenengo amaitu zuen, errekor berria lortuz: proba 8 minutu eta 45 segundoko denboran amaituta, Julen Aranguena kortezubitarrak iaz ezarritako marka (8 minutu eta 55 segundo) hamar segundotan murriztea lortu zuten. Paul Ormaetxea muruetarrak bigarren postua eskuratu zuen, 8 minutu eta 55 segundoko denboragaz. Oier Etxeberria azpeitiarrak osatu zuen podiuma —9 minutu eta 40 segundo—. Munitibartar azkarrenak, berriz, Mikel Enbeitia —11 minutu eta 18 segundo— eta Angulo izan ziren.
Aurtengo berrikuntzen artean, umeei zuzendutako lasterketa antolatu dute, eta Ekhi Orbegozo durangarrak eskuratu zuen garaipena, Adam Benimranen eta Elene Goikoetxea munitibartarraren aurretik amaituta.
Sari banaketa orduko, Fruiztariak taldeak alaitu zuen bertaratutakoen itxaronaldia. Gainera, goizetik iluntzera arte ez zen jan-edanik falta. Arratsaldean umeentzako jolasak antolatzeaz gain, jaietako ohiko zozketa ere egin zuten, eta ez edozein zozketa; irabazleak 600 euro poltsikoratu zituen.
Markina-Xemeingo Iturreta auzoan ere egun berezia izan zuten herenegun. Gidariaren zaindariaren eguna izanik, autoak bedeinkatzeko aprobetxatu zuten goiza Iturretan, eta herri kirol saioan batu ziren gero: 500 kiloko harriagaz, gizon proban aritu ziren Markel Egurrola Adorrixa, Julen Olabarria Olaitu, Ander Ibarluzea Urbitxe eta Unai Goitia Goitti. Emakumezkoetan, berriz, Olga Artiñanok eta Ainize Perezek 250 kiloko harriari aurre egin izan zioten. Saioa amaituta, umeentzako txapel jaurtiketan elkartu ziren. Gaztetxoentzat, berriz, txinga eroate eta abarketa jaurtiketa antolatu zituzten. Eguerdian, ospakizun onenak mahai inguruan ematen direnaren jakitun, Beti Alai Elkartean bazkaritarako batuta biribildu zituzten jaiak.
Oizen elkartu zirenek bezala, markina-xemeindarrek ere zozketa handia izan zuten festako beste une gorenetako bat: 1.000 euroko saria banatu zuten, guztiek sankristobaletako ospakizunak goi-goitik amaitzeko.