Xanet Gimeno, patroirik onena olatuen menpeko estropadan
Maila goreneko estropadak eskaini dituzte Eusko Label, ETE eta KAE 2 ligetako eskifaiek. Castroko olatu artean, Lekeitioko uretan eta Orion eta Camargon aritu dira etxeko taldeak joan den asteburuan [uztailak 11 eta 12].
Castroko estropada gorabeheratsuan patroirik onena izan da ondarutarra.Iñaki Beitia Eusko Label Ligan onenen artean dagoela berretsi du Bermeo-Urdaibaik joan den asteburuan, eurek astindu baitzuten zapatuan [uztailak 11] XIV. Caixabank Bandera Castro Urdialesko uretan. Ez zen estropada erraza izan Kantauriko traineru eta patroirik onenentzat, olatu artean sortutako zuloek traineruak zuzentzea zaildu baitzuen eten barik, hala ere, bermeotarrek euren maila mantendu eta 3 miliak 21.20,30 eko markagaz egin zituzten.
Getariak eman zuen ikuskizuna aurreko jardunaldian, eta oraingoan ere gehiago ematera etorri dira. Ez dute nahikoa izan hirugarren txandan lehiatzeagaz, hala, Esperantza bigarren postura eraman zuten getariarrek, Orio liderraren aurretik geratuz. Bigarren txandan lehiatu zen Antiguako Ama. Olatuen indarrak eraginda, lehen postuan zegoen Donostiarrak istriborretik hartu zuen ziaboga bat, eta zuzendu beharra izan bazuten ere, ondarrutarren trainerua aurreratzea lortu zuten, azkenean, Ondarroako eskifaiarena zirudien hirugarren postua lortuz. Estropada Donostiarragaz ia berdinduta amaitu bazuten ere, laugarren postuan geratu ziren ondarrutarrak (21.55,48). Ondarroagaz estropada parekatua egin zuen beste trainerua Lekittarra izan zen (21.55,90). Lehen txandako onena izan zen lekeitiarren eskifaia.

Lekittarra, Castroko uretan.Bermeo Arraun Argazkiak
Etxeko patroientzat ere estropada berezia izan zen zapatukoa. Xanet Gimenok egin beharrekoak ezin hobeto bete eta estropadako patroirik onenaren maillota jantzi zuen. Iñaki Goikoetxea izan zuen estropadako bigarren patroirik onena, Lekittarra zuzentzen egindako lan berdinezinari esker.
Domekan Oriok hartu zuen ligako bosgarren estropada, eta herrian lehiatzeak emandako indarragaz lortu zuten San Nikolasek Orioko 36. Bandera. Lehen ziabogara heltzeagaz batera agerian geratu zen horiek ondo ezagutzen zituztela etxeko urak, eta 20.16,66ko denboragaz, erantzuteko aukerarik barik utzi zuen bigarren postuan zetorren Bou Bizkaia. Hirugarren postua Hondarribiak eskuratu zuen eta laugarrena Getariak. Bigarren txandan, Ondarroak zapatuko postua hobetu zuen, eta zazpigarren postuagaz bueltatu zen etxera, txandako hirugarrenak izanik (20.49,94). Lekeitiarrak lehen txandako onenak izan ziren beste behin, eta 20.54,46ko denboragaz, asteburuan jokatuko den Pontevedrako banderan bigarren txandan lehiatzeko lekua lortu zuten, Antiguako Amagaz batera.
Sailkapen nagusian zortzigarren postuan dago Ondarroa, 25 puntugaz, eta bederatzigarrenean, Lekittarra, 19gaz.

Antiguako Ama, Castron.Iñaki Beitia
Camargon aritu ziren zapatuan ETE Ligako traineruak. Hondarribiak lortu zuen bandera, beste behin nagusi direla erakutsiz. Hurbiletik jarraitzen du Zarautzek, izan ere, 3 segundo gehiago behar izan zituen 1,5 miliak amaitzeko, bien arteko alde txikiaren erakusgarri izan zirenak. Lehen txadan aritu ostean, estropadako seigarren eta zazpigarren postuak lortu zituzten, hurrenez hurren, Ondarroak eta Isuntzak. Isuntza etxeko uretan aritu zen domekan, izan ere, Lekeitiok hartu zuen II. Burdinola Bandera. Zapatutik ez ziren lehen hiru postuak aldatu, baina bai laugarrena. Isuntzak herriaren babesa baliatu eta laugarren postua lortu zuen (11.52,25), hurrengo jardunaldian bigarren txandan lehiatzeko lekua lortuz. Ondarroa ez zen atzean geratu, eta 12.08,44ko denboragaz, estropadako bosgarrenak izan ziren.

Ondarroako trainerua, Lekeition.Iñaki Beitia
Egindakoak eginda, postuak mantentzen ari dira etxeko taldeak. Bosgarren postuan daude ondarrutarrak, eta seigarrenean, lekeitiarrak. 46 puntugaz lider mantentzen da Hondarribia, eta bi puntu gutxiagogaz hurbiletik jarraitzen dio Zarautzek.
KAE 2 Ligari begira, Camargon lehiatu zen Mutriku zapatuan. Lutxanaren aurretik eta hiru miliak 23.35,06ko denboragaz eginda, zazpigarren postua lortu zuten gipuzkoarrek. Lehen bi postuak asko aldatu barik daude ligan, izan ere, Castrok lortu zuen bandera, eta Camargok bigarren postua eskuratu zuen herriko uretan. Domekan Lekeition uretaratu zuten trainerua mutrikuarrek. Zapatuko postua hobetu eta bosgarren egitea lortu zuten (23.50,59). Hala, Castro eta Camargo lehen bi postuetan mantentzen diren artean (47 eta 43 puntu), Mutriku seigarren dago, 17 puntugaz.
Euskotren Ligan, Arraun Lagunakek astindu zuen X. Caixabank Bandera zapatuan. Garaipena ospatzen amaitu barik zeuden oraindik domekan, hala ere, asteburuko bigarren bandera lortu zuten donostiarrek: Orioko 27. Emakumezkoen Bandera. Horregaz, Arraun Lagunakek bosgarren garaipena lortu du segidan, eta sailkapen nagusian duen lehen postuaren merezidun direla berretsi du Nagore Osoro ondarrutar patroiak gidatutako eskifaiak.

Arraun Lagunak, Orioko bandera astintzen.Bermeo Arraun Argazkiak