Herritarrei eskainitako Karmen Eguna
Txistulariek, Zerutxu dantza taldeak eta Euskadi Brass bandak alaitu dute Karmen Eguneko goiza. Arratsaldean Markina-Xemeingo Grand Slameko finalek Uni frontoia beteko dute, eta bertso saioak Uhagon kulturgunean batuko ditu zaleak. Gaueko eskaintzagaz amaituko dute eguna; Mariatxi Los Tenampas taldeak kontzertua eskainiko du Zelaian.
Markina-xemeindarrak izan dira protagonista Karmen Egunean. Tradizioak eta herriko taldeen ekintzek osatu dute Markina-Xemeinen ospatzen ari diren Karmen Eguna. Txistulariek eman diote hasiera herriko ohituren erakusgarri den egunari, eta bere 50. urteurrenean, Xemein Abesbatzak mezatara bertaratu den herritarrentzat egin du emanaldia.
Goikoportalean sortu diren irribarren arrazoi nagusia Zerutxu dantza taldea izan da gaur eguerdian, izan ere, Karmen Eguneko ospakizun ekitaldian batu dira markina-xemeindarrak urteroko aurreskuaren lekuko izateko asmoz. Lekuko izan dira herritar batzuk; protagonista, beste batzuk. Dantza taldea ikusteko bete da plaza, eta aurreskua eskaini die markina-xemeindarrei. Saioa herritarrekin batera dantzan amaitu dute.

Zerutxu dantza taldea, Karmen Egunean.
Ostean, metalen soinuek bete dute Plazabarripea. Azken urteetan Karmen Eguneko eguerdiari musika jartzen aritu da Euskadi Brass banda, eta beste urte batez, aulki guztiak bete dituzte musika taldea entzutera bertaratu direnek.
Karmenetako artisau eta sortzaileen azokak inguratu du Zelaia. Kamisetak, poltsak, belarritakoak eta bertako ekoizleek ekarritako hainbat osagarrik osatu dute VIII. Eixu azoka. Arratsaldean ere, 20:00etara arte egongo dira saltzaileak.

Eixu azokara bertaratu dire herritarrak.

Plazabarripea bete dute markina-xemeindarrek Euskadi Brass banda entzuteko.
Bazkalostean ere jarraipena izango du jaiak. Markina-Xemeingo Grand Slameko finalak jokatuko dituzte 18:00etatik aurrera, eta zesta-punta zaleek Uni frontoia beteko dute Elaia-Arai eta Lur-Alize bikoteak aurrez aurre ikusteko. Gizonetan, Erkiaga-Atain eta Txanika-Salegik eskainiko dute ikuskizuna.
Uhagon kulturguneak Karmen Eguneko bertso saioa hartuko du 19:30ean. Zaleek Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Mire Artetxe eta Aitor Etxebarriazarraga ikusteko eta entzuteko aukera izango dute. Gai jartzailea, aurten, Amaia Errasti Lizarzaburu izango da. Egunagaz amaitzeko, Mariatxi Los Tenampas taldeak kontzertua eskainiko du 22:00etatik aurrera, Zelaian.