Guztiz errotutakoak diren Madalen jaiei jarraipena emateko gogo biziagaz
Aulestiko Urriola auzoa, Berriatuko Madalena eta Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregi jai gosez dauden herritarrez beteko dira Madalen Eguneko ospakizunetan. Auzotarrek zein bisitariek ez dute entretenimendurik falta izango datozen egunetan, txapelketez, bertsolaritza saioez, umeen jolasez eta herritar guztientzako ekintzez osatu baitituzte egitarauak.
Udako gau luzeak bezala, aurrera doa uztaila ere. Hilabete erdian gaude dagoeneko, eta horrek esanahi argia dauka: Madalen jaiak ate joka daude. Maiz itsasoari lotutako istorio zein gertaerekin edota Erdi Aroko kondairekin lotu izan diren jaiak hainbat udalerritako jai nagusiak dira, baina, halere, historikoki beste hainbat herritako auzo eta bazterretan ere ospatu izan dituzte. Eta ondo ospatu, gainera. Horren adibide dira datozen egunetan jai giroan murgilduko diren Aulestiko Urriola auzoa, Berriatuko Madalena eta Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregi.
Dena prest daukate berriatuarrek. Segundo-orratzari begira daude Madalenan dagoeneko, gaur arratsaldean [uztailak 17] hiru eguneko egitarauari hasiera emateko ilusioz. Apapun agro tekno taldea eta Tatarres erromeriaren eskutik, dantzan emango diete hasiera aurten jaiei.
Egun handia baina, bihar [uztailak 18] biziko dute Madalenan. Hasteko, Legarmendiko Igoeran batuko dira, laugarren urtez. Parte hartu nahi dutenek 10:00etan plazan egon beharko dute, izena emateko. Behin berotuta, txapel jaurtiketan abilena nor den ezagutuko dute. Dena baina ez denez lehia izango, Aitor Bizkarra, Txaber Altube eta Alexander Idoetak bertso bidez giroa lasaituko dute.
Arratsaldea ere bete-betea datorkie. Musean neurtuko dituzte indarrak lehenengo; briskara, berriz, gero. Bitartean, baina, umeentzako jolasak egongo direla aurreratu dute. Zoriaren esku utziko dute egun amaiera auzotarrek, bi otorduren zozketagaz, hain zuzen ere. Madalen Egunez agurtuko dituzte jaiak, tradizioz, hildakoen aldeko meza eta osteko kopauan elkartuta.
Aulestiarrak ere jaietan murgiltzear daude. Egun bakarra bada ere, goizetik iluntzera arteko proposamenez beteta dator biharko [uztailak 18] eguna Urriolan. Meza entzuteko batuko dira batzuk eguerdian, eta, beste asko, Unai Goitiak Urtza taldearen laguntzaz antolatutako herri kirol erakustaldian kaleratuko dira: “12:30ean errepidea itxiko da, herri kirolak bukatu arte”, jakinarazi dute.
Goitiak iaz estreinako antolaturiko gazteen arteko norgehiagokak ere jarraipena izango du aurten. 16 urtetik beherakoek, ostera, tiragoma txapelketa eta porra izango dituzte aukeran.
Arratsaldean jarraituko dute festagaz, denentzako ekintzak antolatu baitituzte 18:00etan: briska, porra, umeentzako jolasak eta balinezko txapelketa egongo dira. Balinak jai batzordeak ipiniko dituela argitu dute: “Norberarenak ez du balioko”. Izen emateko pertsonako 2 euro ordaindu beharko dira, eta sariak banatuko dituzte.
Madalen jaiak agurtzeko, txokolatea askaldu, eta iluntzean pintxopoteoan batuko dira. Hori, baina, ez da amaiera izango. “Amaitzeko azken orduko ezustekoa egongo da”, aurreratu dute.
Datorren astean.
Zeinke-Ziarregin Madalen Eguna igarota batuko dira festan, hain zuzen ere, uztailaren 25ean [zapatua]. Jai guztiek eskatu bezala, txupina botata hasiko dute festa, eguerdiko bazkarirako giroa sortzen hasi asmoz. Tiketa lortu gura dutenek Madalen Eguna [uztailak 22] bitartean izango dute horretarako aukera (660 62 85 45). Bazkalostean umeentzako jolasak egongo dira: “Ziortza-Bolibarren inoiz ikusi den tirolina zirraragarriena egongo da”. Nola ez, erromeria eta su artifizialak ere ez dira faltako.
Biharamunean, berriz, itsulapikoa apurtzean batuko dira umeak. Helduen hitzordua arratsaldean ailegatuko da, briska eta Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketagaz. Azken hori, gainera, Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izango da. Jaiak datorren urtera arte agurtzeko, otzararen zozketan elkartuko dira auzotarrak.
AULESTI (URRIOLA)
Bihar.
12:00. Meza.
Ondoren. Herri kirol erakustaldia: Unai Goitia, Urtza taldearen laguntzagaz.
Jarraian. Herriko gazteen arteko II. norgehiagoka.
Goizean. Tiragoma txapelketa eta porra.
18:00. Briska porra.
18:00. Balinezko txapelketa.
18:00. Umeen jolasak.
Ostean. Txokolatea guztientzat.
20:30. Pintxopotea, Izarri eta Mirarik girotuta.
Amaitzeko. Azken orduko
ezustekoa.
BERRIATUA (MADALENA)
Gaur.
18:30. Apapun eta Tatarres
taldeen kontzertuak.
Bihar.
11:00. IV. Legarmendiko igoera, herriko plazatik hasita. Doako izen ematea, 10:00etan, plazan
bertan.
Ondoren. Txapel jaurtiketa.
Goiz guztian. Aitor Bizkarra, Txaber Altube eta Alexander Idoeta bertsolariek goiza girotuko dute.
14:00. Jai Batzordearen bazkaria.
17:00. Mus txapelketa, 8 erregetara. Izen ematea 16:30ean egin beharko da, 20 euroren truke.
17:30. Umeen jolasak.
Ondoren. Oihalak, begirale bategaz.
18:00. Briska txapelketa. Izen ematea 17:30ean izango da. 15 euro ordaindu beharko dira.
Iluntzean. Zozketa.
Uztailak 22, Madalen Eguna.
12:00. Meza kofradian, hildakoen alde.
Ondoren. Kopaua, auzoko
trikitilariekin.
ZIORTZA-BOLIBAR
(ZEINKE-ZIARREGI)
Uztailak 25, zapatua.
12:00. Jaien hasierako
txupinazoa.
14:00. Bazkaria. Izena emateko azken eguna uztailaren 22a izango da. Horretarako, 660 62 85 45 telefono zenbakira deitu daiteke.
15:30-19:00. Umeentzako
jolasak eta tirolina.
20:00-22:30. Erromeria egongo da, Elustondo neba-arreben eskutik.
22:30. Su artifizialak.
Uztailak 26, domeka.
12:00. Meza nagusia.
Ostean. Itxolapiko apurtzea, umeentzat.
17:00. Briska txapelketa. Izena emateko bikoteko 12 euro ordaindu beharko dira.
18:00. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa, Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria. Izen emateko 5 euro ordaindu beharko dira.
Iluntzean. Otzararen zozketa.