Jazz musika herrira ekartzeko, bueltan da Markina-Xemeingo Jazzaldia
Uztailaren 24an eta 25ean Nhil, Erromintxelak, Arima Soul Quintet eta A Contra Blues taldeak igoko dira zortzigarrenez antolatu duten Jazzaldiko oholtzara.
“Bakarra delako” egin dute, beste urte batez, Markina-Xemeingo 8. Jazzaldia antolatzeko apustua. Karmen jaiak amaitu badira ere, musika eskaintza bereziagaz dator Uhagon Kulturgunea, hala, lorategia musikaz beteko duten punta puntako taldeak izango dira barikuan eta zapatuan [uztailak 24 eta 25].
Barikuan Nhil taldearen kontzertuak emango dio hasiera jaialdiari. 19:30ean hasiko da Aretxabaletako pop-soul taldea, emanaldi “koloretsua, xarmangarria eta lasaia” eskaintzeko asmoz datorrena. Erromintxelak taldeak eskainiko du kontzertua gero. Swing tradizionala eta euskara uztartzen du talde arrasatetarraren musikak, entzuleak dantzan jartzeko eta barikuko musika sesioa ixteko guztiz “aproposa” izango dena.
Zapatuan Arima Soul Quintetegaz hasiko dute iluntzea. Soul, R&B, Funk eta Jazz-Groove estiloak uztartzen ditu proiektuak, Mikel Unzurrunza Makalak eta Lidia Insaustik 2020an sortu zutena. Izenak iragartzen duen bezala, talde zarauztarra beste hiru musikarigaz dago osatuta. Bartzelonatik dator A Contra Blues, nazioartean “erreferente” bihurtu den taldea. “Energiaz betetako eta musika-kalitate handiko” proiektuak 20 urte bete ditu aurten, eta Markina-Xemeingo jazzaldian ospatzeko hautua egin dute: “Oso pozgarria da guretzat honelako talde batek bere urteurrena gurean ospatu nahi izatea”.
Eskualdean jazzaldia antolatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek: “Eskualdeko jazz jaialdi bakarra da”, jazz estiloko musika Lea-Artibain zuzenean entzuteko aukera ematen duena. “Beti ikusi izan dugu Donostian edo Gasteizen jazzaldiak egin izan direla”, izan ere, estilo “urbanoa” dela argi ikusi izan da urte luzez, hirietan sortu eta kontsumitu izan dena. Jazza herri txikietara hurbiltzeko apustua eta lan handia egin dute jaialdi honen bitartez: “Gu hirietara joan beharrean, jazza guregana ekartzeko eta eskualdeko gainerako herriek ere aukera bera izan dezaten”.
Hasieran jaialdia ikaragaz antolatzen hasi zirela aitortu badute ere, “hasieratik ikusi izan dugu jendeari gustatzen zaiola, eta aurten ere jende asko etortzea espero dugu”. Karmen jaiak eta gero Markina-Xemein “hustu” egiten delako sentsazioa nagusitzen da herrian, hala ere, jaiak eta gero herrian geratu diren herritarrak batzeko “topagune” izan ohi da jazzaldia, hala, “herrian dauden horientzat zerbait eskaintzen dugu”.
Jazzaldiak baditu bere aldarriak, izan ere, talde euskaldunak eta emakume musikariak oholtzara ekartzeko apustua egin dute aurten ere: “Emakumeek historikoki ekarpen handia egin diote jazzaren munduari, horregatik, hemen egon behar dira”.
Uda ere, musika eskaintzagaz. Uhagoneko lorategia musika akustikoaren babesleku izan da udan, eta hala izango da abuztuan ere. Abuztuaren 9an [domeka] D’Capricho bikote kubatarrak kontzertua eskainiko du 13:00etan, Domeka Musikatuak ekimanaren baitan.