Lea-Artibaiko eragileek euskeraren aldeko konpromiso sendoak hartu dituzte
Euskalgintzako eta kulturgintzako eragileek euskararen aldeko konpromisoak hartu dituzte, UEMAk martxan jarritako Esnatu dinamikaren baitan, "udalerri euskaldunek euskaldun izaten jarraitu ahal izateko".
Esnatu dinamikagaz bat egin duten zenbait eragile, Ondarroan. 2026ko otsailean UEMAk Lurralde Estrategia proposamen politikoa aurkeztu eta erakundeekin eta alderdiekin lantzen hasi zen. Beharrezko pausua bada ere, UEMAk argi utzi du ezin dela ardura guztia erakunde publikoen esku utzi: “Herriko eragileen esku ere badago arnasguneak bizirik mantentzea. Herritarren eta kasu honetan eragile desberdinen ahalduntzea eta konpromisoa ere ezinbestekoak dira arnasguneak babesteko; udalerri euskaldunek euskaldun izaten jarraitu ahal izateko”.
Eragileengana heltzeko, Lea-Artibaiko euskararen egoera erakusten duten datuetan eta bilakaeran oinarrituta, UEMAK joan den maiatzean datu horiek argitaratzeko hitzaldia antolatu zuen Markina-Xemeinen. Bertan, herritarren eta eragileen kezka partekatua eta euskararen alde ekiteko gogoa batu ziren. Bilakaera kezkagarria ikusi ostean, egoera iraultzeko eta borrokatzeko garaia heldu zaie eskualdeko eragileei: Esnatu dinamikak bultzatuta, konpromisoak hartu eta eusakararen aldeko borroka benetakotzeko.
Konpromisoen dinamika martxan dago dagoeneko. Eskualdeko erakunde publikoak izan ziren, ekainean, konpromisoak hartu eta dinemikagaz bat egin zuten lehenak. Orain, eskualde euskalduna bizirik mantentzen duten euskalgintza eta kulturgintzako eragileek izan dute konpromisoak hartzeko ordua. Lea-Artibaiko 42 eragilek egin dute bat dinamikagaz: Amorotoko kultura batzordeak; Aulestiko Euskara taldeak eta Aulestiko kultura batzordeak; Etxebarrian, Alkarregin elkarteak, Elizpe Rockek eta Ametx taldeak; Lekeition, Musikaia Udal Musika Eskolak, Warhammer Lekitxo Elkarteak, Lekittoko Deabruek, Burrundada musika elkartea, Lekeitioko jostun taldea, Iparraldeko haizeak, Atabaka kultur taldea, Aratuste Alai estudiantina, Lekitioko zinezaleen elkarteak, Dzast euskara taldeak eta Zaletxuak kultur elkarteak; Markina-Xemeinen, Xemein Abesbatzak, Emeki koralak, Uhagon kulturguneak, Aranbaltz kultur elkarteak, Zerutxu Dantza Taldeak, Abarka antzerki taldeak eta Txosna batzordeak; Mendexako jai batzordeak, Mendexako Euskera Taldeak eta Leixarra elkarteak; Munitibarren, Habixi elkarguneak; Ondarroan, Garazi Etxaburu Aulestia dantzariak, Ondarroako Euskal Wikiemakumeek, Unanue Kamara Koralak, Kresala Kultur Elkarteak, Radixu Irratiak, Portuko Ranpak, Olee kultur elkarteak, Marabilli sormen festibalak eta Manuelistak kultur elkarteak eta Ahaztuen oroimena Markinaldeko Frentea 1936 Kultur Elkarteak; eta Lea-Artibaiko AEK-k, 11barrik eta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak.

Lekeitio ere topagune izan zuten.

Markina-Xemeinen batu ziren beste hainbat kultur eragile.
Zerrenda luzea osatzen dute aurkeztutako konpromisoek, hala, eragileek horiek oinarri izanda jokatuko dute euren jardunean. Taldearen jarduna euskara hutsez aurrera eramaten jarraitzeko konpromisoa hartu dute askok eta askok. Horregaz batera,, udalerriko herritarrei eskualdearen arnasgune izaera eta horre duen garrantzia transmititzeko konpromisoa hartu dute. Talde askok adierazi bezala, arnasgune izate hori sendotzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute gehienek, eskualde mailako egitasmoak sustatuz eta hauetan parte hartuz. Harremanei dagokionez, taldearen baitan, beste taldeekin eta hornitzaile zein administrazio erakundeekin euskaraz komunikatzeko konpromisoa hartu dute, euskara taldearen oinarrizko hizkuntza izanik. Euskaraz ez dakiten auzokideak euskarara hurbiltzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute, gainera, aisialdiko jardueren bitartez euskaraz ez dakiten bizilagunak euskalduntzeko bidea egin eta hizkuntza ikasteko leku izateko konpromisoa ere hatu dute. Euskaraz jarduteko zailtasunen aurrean, irtenbideak bilatzeko ardura ere hartu dute eragile askok.
Hitza ere, eskualdeagaz bat. Orain arte bezala, Hitzak euskararen normalizaziorako bidean urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu du. Euskarazko gaiei egunkarian eta webgunean lehentasuna ematen jarraituko du, baita euskalgintzako dinamiketan parte aktibo izaten ere. Arnsguneko euskaldunen hizkuntza eskubideak aintzat hartzeko eta euskal prentsa sustatzeko konpromiso argia hartu du, baita eguneroko jarduna euskara hutseaz aurrera eramaten jarraitzekoa ere. Hitzak bere euskarazko eskaintza herritar gehiagorengana helarazteko jarraituko du lanean, eta arnasgune izate horren garrantzia azpimarratuko du. Orain arte bezala, Hitzak taldeko kideen artean, administrazioko erakundeekin eta hornitzaileekin euskaraz komunikatzen jarraituko du.