Eskualdeko herritarren topagune izango da Mendexa San Pedro jaietan
Uda garaian bete-betean murgiduta, badatoz aurten ere Mendexako San Pedro jaiak. Uztailaren 30etik abuztuaren 2ra, Mendexako plaza egunez eta gauez betetzeko helburuagaz osatu dute aurtengo egitaraua. Jan eta edana, herri bazkaria, adin guztietako herritarrek euren trebetasunak erakusteko txapelketak, euskal dantzak eta gau giroa alaitzeko kontzertuak hartuko ditu herriko plazak.
Abuztuaren etorrera ospatzeko aukera paregabea egongo da uztailaren 30etik abuztuaren 2ra Mendexan. San Pedro jaiak ate joka dituzte mendexarrek, eta urtero egiten duten modura, adin eta gustu guztietarako egitaraua prestatu du jai batzordeak.
Eguenez ospatuko dute jaien lehen eguna. Uztailaren 30eko gaua musika zaleentzako pentsatuta dagoela agerian geratu da, izan ere, 22:30etik aurrera, Txapela Brava eta Bad Sound taldeak igoko dira oholtza gainera. Ostean, Itzal erromeria gure kanta entzunenak abestera eta jai giroa goi-goian jartzera dator.
San Inazio Egunerako prest dute dena. Goizean meza izango dute, eta amaitutakoan, urtero jokatzen dituzten eskupilota partiduak ikusteko batuko dira herritarrak. Herriko helduak izango dira protagonista barikuan, izan ere, 1961 orduko jaiotako mendexarrak bazkarian batuko dira. Momentuz 25 pertsonek eman dute izena, eta jaien barruan, elkarregaz denbora pasatzeko aukera bikaina izaten dute. Bazkalostean mus eta briska txapelketetan ariko dira, eta antolakuntzak adierazi duenez, izena ematerako orduan, hirukoteko 15 euro ordaindu beharko dira. Amaitutakoan “herrian ohiko bihurtu den” ekitaldi bategaz emango diote jarraipena egunari: txapel jaurtiketa. “Ume zein nagusientzat antolatzen dugu, eta urtero parte hartze handia” izaten duela adierazi dute. Elizara begira, probalekuan egingo dute “giro ona” sortzen duen txapelketa, gainera, trebeenentzat sariak egongo direla aurreratu dute. Ilutnzea hurbiltzen hasten den unerako, “herritarrentzat zein ingurukoentzat plan eder” bategaz dator antolakuntza. Sardinak, gazta eta sagardoa eskainiko dituzte bertaratzen direnentzat. Gainera, jan eta edana Eingo! musika taldeak girotuko du: “Ederra da plaza bete jende dantzan zein abesten ikustea”. Egun guztiek bere “xarma” badute ere, San Inazio eguna izaten da herrikoiena: “Mendexarrok pixka bat lasaiago egoteko aukera izaten dugu, eta lasaitasun horretan primeran pasatzen dugu”.
Gau giroan sartuta, Dr. Palauer eta DJ Noya izango dira bertaratu diren herritarrentzat musika eskaintzeko arduradunak.
“Ederra da plaza bete jende dantzan zein abesten ikustea”.
San Pedro Eguna berezia da Mendexan, eta hala erakutsi dute herritarrek egun eta gau guztia hartuko dituen egitarau zabalagaz. Karraspio hondartzan batuko dira goiz goizetik, eguna energiaz beteta hasteko boleibol txapelketari hasiera emateko. Ostean, herrian meza izango dute, eta elizatik irtetean, dantzariak prest egongo dira euskal dantzei hasiera emateko. Mahai Gaineko Dantza Taldeak herrian hain berezia den emanaldia egingo du, eta hutsik egin barik lehen lerroan izango dira Mendexako heldu eta gazteak. Honegaz batera, 90 urtetik gorako herritarrei omenaldia egiteko unea izango da.
Bazkalorduan frontoia goraino beteko du herri bazkariak, izan ere, mendexarrak hilaren lehen egunean estreinako batuko dira bazkaria egiteko. Ondoren, energia gordetzeko tartea izango dute gauean jaia egiteko asmoa dutenek, izan ere, egitaraua primerako kontzertuekin bete dute aurten ere. 22:00etan hasiko dira Streetwise eta Ezpalak taldeak, eta euren musika ezin hobea izango da plaza bete eta jai giroa goi-goian mantentzeko. Kontzertuak amaitutakoan jaiak jarraipena izango dute, izan ere, DJ Aitxe izango da gau guztian zehar plaza musikatzeko arduraduna. «Jende asko etortzea espero dugu, bai eguenean eta baita zapatuan ere», aitortu dute, izan ere, jai batzordeak “ilusioz” antolatzen dituzte kontzertuak: “Gustu guztientzako eskaintza ederra egongo da, eskualdeko gazteak musitzeko moduko eskaintza”.
“Jai batzordeak beti izaten ditu ateak zabalik. Zenbat eta gehiagoren artean antolatu, erabaki eta ardurak hartu, denok hobeto pasatzeko aukera daukagu”
Abuztuaren bigarrena herriko sukaldari eta gazteentzako ekintzekin beteta dator. Mezari tartea egin ostean, XII. Tortilla Txapelketari emango diote hasiera. Sukaldaritza trebetasunak erakusteko aukera izango dute askok, eta horretarako, 12:00etan izena eman beharko dute. Hori eginda, ordu eta erdi izango dute kuadrillek eta norbanakoek euren tortilla aurkezteko, izan ere, segituan dastaketagaz hasi eta sari banaketari ekingo diote. Urtero 25 talde inguru aurkezten dira txapelketara, “plazan nahiz platanopean giro ederrean batzen dira kuadrillak, eta pike sanoa sortzen da”. Haurrentzako eskaintza prestatu dute aurten ere eta 12:30ean emango diote hasiera: “Urtero saiatzen gara haurrentzako eguna antolatzen. Umeen krossa, txapel jaurtiketa, irrintzi lehiaketa eta txokolatea; erantzun eta parte hartze galanta izaten duen egitaraua da. Umeak pozik eta gurasoak pozago egoten dira”. Iluntzera begira, playback txapelketa antolatu dute: “Aurkezlea Iñigito Txapelpunk izaten dugu, eta beti prestatzen dugu zerbait berezia”. Hala, jai batzordeak herritarrak animatzen ditu 20:00etatik aurrera 21:00etan hasiko den playback txapelketan izena ematera.
Abuztuaren 8ra jauzi egin eta Likona, Leagi, Iturreta eta Zelaia auzoen arteko marmitako txapelketa eta herri bazkariagaz frontoia beteko dute.
Parte hartzea sustatzeko ahalegina eta antolakuntzarako deia egin du jai batzordeak aurten ere. Herriko jaiak behar bezala antolatzeko nahitaezkoa den elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu dute: «Jai batzordeak beti izaten ditu ateak zabalik. Zenbat eta gehiagoren artean antolatu, erabaki eta ardurak hartu, denok hobeto pasatzeko aukera daukagu».
- Uztailak 30, eguena
- 22:30. Txapela Brava eta Bad Sound taldeen kontzertuak.
- Ostean. Itzal erromeria.
- Uztailak 31, San Inazio Eguna
- 10:30. Meza.
- 12:00. Esku pilota partiduak.
- 14:30. Jubilatuen bazkaria.
- 17:00. Briska txapelketa. Izen ematea, hirukoteko 15 euroren truke.
- 18:00. Txapel jaurtiketa.
- 19:00. Sardinak, gazta eta sagardoa eskainiko dute, Eingo animazio taldeagaz.
- 22:00. Musika Dr. Palauer eta DJ Noyaren eskutik.
- Abuztuak 1, San Pedro Eguna
- 09:00. Boleibol txapelketa karraspio hondartzan.
- 11:00. Meza.
- 12:00. Euskal Dantzak: Mahaigaineko Dantza Taldeagaz.
- Ondoren. 90 urtetik gorakoei omenaldia.
- 15:00. Herri bazkaria, herriko frontoian.
- Ondoren. Bazkalondoa girotzeko monologoa.
- 23:00. Kontzertuak: Streetwise, Ezpalak eta DJ Aitxe.
- Abuztuak 2, domeka
- 11:00. Meza.
- 12:00. Tortilla txapelketako izen ematea.
- 13:30. Sari banaketa.
- 12:30. Zapu jokoa.
- 16:30. Umeen krosa, txapel jaurtiketa, irrintzi lehiaketa eta txokolatada.
- 17:00. Mus txapelketa. Izen ematea 16:30ean, bikoteko 20 euro ordainduta.
- 21:00. Playback txapelketa. Izen ematea, 20:00etan, txosnan.
- Ostean. Musika, txosnan.
- Abuztuak 8, zapatua
- 15:00. Marmitako txapelketa eta herri bazkaria.