Ondarroaren 700. urteurreneko logoa sortzeko lehiaketa abiarazi du Ondarroako Udalak
2027an 700 urte beteko ditu Ondarroak. Ospakizunari eta urteurren bereziari irudia jartzeko logo lehiaketa martxan jarri du Ondarroako Udalak. Herriko nortasuna, historia eta itsas kutsua batuko dituen irudia izango da.
Ondarroako 700. urteurrena irudikatuko duen logo lehiaketa martxan dago. Urte berezia “modu bisual, original eta identitario baten” adieraziko duen logo bat sortu beharko dute diseinatzaileek, herriko nortasuna, historia eta itsasoagaz duen lotura islatuko duena. Irailaren 6a izango da irudiak aurkezteko epemuga.
Lanak telematikoki aurkeztu beharko dira ondarroa.eus webgunean. Lan bakoitzak izen-abizenak, telefono zenbakia eta logoaren esanahia azaltzen duen testu labur bat izan beharko ditu. Aurrez aurre aurkezteko aukera ere egongo da Ondarroako Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan. Kasu horretan, modu jakin baten egin beharko dute entrega: “Eskuz entregatzen diren lanen kasuan, sorkuntzek ez dute jasoko egilearen izenik, eta kartazal zarratuan sartuta aurkeztuko dira; kartazalean soil-soilik lema edo goitizena jarriko da. Kartazal horren barruan beste kartazal bat sartuko da eta horren kanpoan lema edo goitizena jarriko da, eta barruan egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbidea, posta elektronikoa eta nortasun agiriaren kopia. Formatu fisikoan aurkezten den lanen bat irabazlea bada, materiala digitalki ere entregatu beharko du”.
Udalak adierazi bezala, lehiaketa irekia izango da parte hartu nahi duten guztientzat, adina edo egoitza kontutan hartu barik. Egile bakoitzak, gainera, nahibeste lan aurkeztu ahalko ditu, eta lanak pertsona bakar baten izenean joan beharko direla arautu dute; ez da talde lanik onartuko.
Aurkeztutako lanen originaltasuna eta sormen maila baloratuko dira irabazlea aukeratzeko orduan. Herriko nortasuna eta 700 urteak islatu beharko ditu logoak, eta irakurgarritasuna eta sinpletasuna ere baloratuko dira. Irabazlea erabakitzen denean, materiala formatu digitalean entregatzeko eskatuko zaio. 600 euroko saria jasoko du eta egilea eta irudia ofizialki aurkeztuko dira.